Xanistebanetako ekitaldien eskaintza aurkeztu dute; bihar, hilak 4, zaintza lanen greba egingo dute Oiartzungo emakumeek.
Herriko plazan egin zuten agerraldia.
Oiartzungo Feministen Asanbladak agerraldia egin zuen atzo. Bertan, aurtengo xanistebanetarako proposamenak aurkeztu zituzten.
Martxoaren 8ko mobilizazioak gogorarazi zituzten, eta onartu zuten ordutik errealitatea asko ez dela aldatu, baina sistema heteropatriarkalari arrakala berriak sortu dizkiotela. “Jendarte antolaketa eraldatu arte jarraitzeko asmoa dugu”, gaineratu zuten.
Bide horretan, Martxoaren 8ko uholdea indar bihurtu nahi dutela jakinarazi zuten. Festak harmonia eta poz gune isolatuak ez direla berretsi zuten: “Festak herri identitatea indartzeko eta komunitatea kohesionatzeko adierazpen kulturalak dira. Festak politikoak dira, guztiontzat”.
Festek gizartearen balioak, nortasunak, ideologiak eta egiturak birsortzen dituztela esan zuten, baina baita gatazkak, zapalkuntzak eta diskriminazioak azalerazi. “Orokorrean, hegemonikoak diren genero eredu eta heteroaraua indartzen dituzte. Jaietan parte-hartzea ez da soilik plazan edo kalean ematen; bertan egon ahal izateko etxe nahiz sukaldeetan egiten diren lanak funtsezkoak dira”, esan zuten.
Emakumeek, normalean, etxeko lanak eta zaintza lanak egin behar dituztela nabarmendu zuten, baita festetan ere. “Ikusgarria den jaia jai izan dadin, ikusten ez diren baina beharrezkoak diren lanak daude, eta guk hauek jarri nahi ditugu jaiaren erdigunean”, ohartarazi zuten.
Horregatik, bihar (hilak 4) zaintza lanen greba egiteko deialdia luzatu zuten. Lan horri balio politikoa eman nahi diote, eta ikusgarri bihurtu. Horrez gain, festaz nahi bezala, betebeharrik gabe gozatzeko aukera izan nahi dute. Biharko plantoa jai batzordeak berak bere gain hartu duela azpimarratu zuten.
Abuztuaren 4ko ekitaldiak
Bihar herriko kale eta plazak emakumez betetzea deitu zuten, eta hori hala izan dadin, hainbat ekitaldi antolatu ditu Oiartzungo mugimendu feministak. 14:00etan feministen bazkari beganoa egingo dute Landetxe plazan. 17:00etan, toki berean,
Bakean dagoenari bakean utzi umorezko emankizuna eskainiko dute Mirari Martiarena eta Idoia Torregaraik. 19:30ean poteo jira egingo dute, txosnetan hasita.
Hala ere, biharkoak ez dira proposamen bakarrak izango. Gaur, 18:30etik aurrera, kontzertu lasaia egingo dute Malen eta Ekain Elizasurekin, Landetxe plazan. Etzi, igandea, Ez da kasualitatea bertso saioa entzuteko aukera izango da Kaskazuri plazan, 17:30ean hasita.
Autodefentsa kit-a
Beren nahia genero indarkeriarik gabeko festak izatea da. “Hala ere, badakigu jendartea eraldatu bitartean, erasoak egongo direla. Horregatik, emakumeoi autodefentsa feministan formatu eta praktikan jartzeko gonbita egiten dizuegu”, adierazi zuten. Horretarako autodefentsa feministarako kit-ak banatuko dituzte. Txilibituak, erasotzaileak seinalatzeko pegatinak, herriko protokoloa azaltzen duen txartela eta kit-a erabiltzeko azalpenak egongo dira. Gainera, herriko hiru txokotan, ikusi edo jasandako erasoak salatzeko panelak jarri dituzte.
Mugimendu feministak argi utzi nahi du mezu bat: kalea eta festa eurena dela. “Beraz”, jarraitu dute, “erasotzeko asmoa duen gizona bazara, ez etorri festara, zure burua kontrolatzeko gai ez bazara, ez zara ongi etorria. Erasotzaileek aurrez aurre izango gaituzue”.
Emakumeak euren gorputz eta nahien jabe direla aldarrikatu zuten, eta bakoitzak badakiela nola, norekin eta noiz gozatu nahi dugun. “Oraindik baten batek zalantzarik badu, baiezko argirik adierazi ezean, ezetza da erantzuna”.
Dei batekin bukatu zuten agerraldia: “Guztiei nahi duzuenarekin, nahi duzuen moduan eta elkar errespetatuz festa giroaz gozatzera animatzen zaituztegu”.