Pantaila handiaren zidorretik
Zinemazaleen gosea ase asmoz sortu zen OzZinema, zirkuitu komertzialetik kanpo gelditzen diren filmak pantaila handira eraman eta hausnarketa sustatzeko. Hiru urte bete ditu horretan.
Pasioz bizi dute zinema, eta pasio hori transmititu nahi dute, pelikula bat ikusteko beste modu bat eskaini, eta hausnarketa eta eztabaidarako bidea zabaldu. Horiek dira OzZinema zineklubaren oinarriak.
2016ko apirilean egin zuen lehen emanaldia, eta berehala beteko ditu hiru urte zineari lotutako proiektuak. Haren atzean Nagore Portugal eta Jonathan Sedeño dabiltza, biak ala biak zinemazale amorratuak. Niessen zinemetan lanean ezagutu zuten elkar, eta makina ordu eman dituzte zinemaz eta filmen gainean solasean. Gaur egun arte mantendu dute ohitura «osasuntsu» hori, egun batean kafearen bueltan «ideia zoro bat» otu zitzaien arte, eta ohitura hori partekatzea erabaki zuten arte, Portugalen arabera: «Eta egiten badugu? Baina beti horretan gelditzen zen, erabakia hartu, proiektua idatzi eta udalean aurkeztu genuen arte».
Orduan ere ez omen zuten erantzuna berehala jaso, baina egungo Kultura zinegotziak, Ion Collarrek, proiektua berreskuratu, potentziala zeukala erabaki eta aurrera egin zuela diote. Eta horrela bete ditu hiru urte OzZinemak. Lehenengo biak proiektua ezagutarazteko izan direla diote biek; hirugarrenean, berriz, sustraitu egin dute egitasmoa sozialki: «Oso txikiak ginen hasi ginenean, baina hori aldatzen ari da, badugu jarraitzaile sare bat, ikusle kopuru polita eta horrek erraztasunak eman dizkigu zalantzarik gabe. Halere, hasierako oinarriak mantentzen ditugu: Gipuzkoan estreinatu ez diren pelikulak ekartzen ditugu Niessen zinemetara, zirkuitu komertzialetik kanpo daudenak, pentsatzeko, hausnartzeko eta eztabaidarako bidea ematen dutenak; publikoa eta filmaren arteko lotura sortzea da helburua».
Filmak lortzea, errazagoa
Besteak beste, hiru urte geroago errazagoa dutela filmak lortzea aitortu du Sedeñok, «hasieran ez gintuzten ezagutzen, ez genuen programazio ezagutzarik, eta ezagutzen ez bazaitu banatzaile batek ez dizu kopia bat ematen. OzZinema ezagutzen dute egun, ikusgarriagoa da gure lana, kolaboratzaile sarea dugu eta filmak arratsalde batean lotzen ditugu normalean. Alde handia dago».
Hiru film eman ditu OzZinemak urtarrilean eta hiruretan arrakasta itzela lortu du. Suspiria izan zen lehena, «genero oso zehatzeko filma eta zaila, baina hala ere jende mordoa bildu zen hura ikustera». Hurrengo biekin, berriz, agortu egin zituzten txartelak berehala: Fermin Muguruzaren Black is beltza eta Alberto San Juanen El Rey.
Aretoa beteta ikustea, lepo, «asetzen» duela onartu du Portugalek, baina garrantzitsuagoa iruditzen zaio emanaldiro ikusleak izatea eta filma ikusi ondoren sortzen den komunikaziorako espazioa lortzea, «izugarria da hori, solasaldi zinematografikoa egiten dugu, jendea filma ikustera dator, hori delako oinarria, garrantzitsuena, filma bera; baina gero gogoeta egiten dugu elkarrekin, jendeak pentsatzea lortu nahi dugulako, ikusi duenaren gainean galdetzea. Sentsazio horrek betetzen nau gehien».
«Hausnarketarako aukera ematen duten pelikulak ekartzen ditugu Niessenera»
Jonathan Sedeño, OzZinema
«Jendea filma ikustera dator, baina gero gogoeta egiten dugu elkarrekin»
Nagore Portugal, OzZinema
Ez dira garai onak zinema ez komertzialarentzat. Ez omen dira inoiz izan, hala ere. Argi du Sedeñok, eta aitortu du berari komertziala ere gustatzen zaiola, Portugalek ere baietz dio buruarekin «zinema dugu gustuko, berdin zaigu komertziala izan ala ez. Zerbait transmititzen badit, zerbait kontatzen badu nahikoa da». Ezinbestekoa dela komertziala une batzuetan dio Portugalek, gainera, «zerbaiti ihes egin, edota beste planeta batera joateko. Baina zinema soziala eta dokumentala ere beharrezkoak dira, animazio zinema beharrezkoa den bezala. Beharrezkoa da sentitzea, sentimendu horiek sumatzea, eta pentsatzea».
Zinema, osasuntsu
Eta norbaitek zalantzarik balu, ez du zertan kezkatu, osasuntsu omen dago zinema. Hori baieztatzeko datu bat eman du Sedeñok: «Pasa den azaroan hamabost pelikula estreinatu ziren astero, 60 hilabete bakarrean. Horietatik hogei bat helduko ziren Gipuzkoara». Gehiegi egiten diren, eta horietatik zenbat diren onak, beste kontu bat omen da, baina zerbait argi du Sedeñok, «nostalgikoegia» dela gizartea, «askok esaten dute ez dela garai bateko zinemarik egiten. Beldurra ematen digula egungo zinemak uste dut nik, baita nola ikusten den ere».
Hori delako, izan ere, beste gakoetako bat, zinema nola ikusten den. OzZinema Zineklubeko bi kideek argi dute, «zinema aretoan ikusteko egina dago». Ikusteko modua ere lantzen dute zineklubetik, «zinema aretoan ikusten ez bada ez da zinema». Ez daudela plataforma berrien kontra diote, baina argi dute zinema aretoan filmak ikusteak baduela etxean ikusteak ez duen «liturgia» bat, «ezinbestekoa» dena.
«Zinema soziala
eta dokumentala beharrezkoak dira, animazioa bezala»
Nagore Portugal, OzZinema
«Azaroan hamabost pelikula estreinatu ziren astero, 60 hilabete bakarrean»
Jonathan Sedeño, OzZinema
Niessen Zinemek hartzen dituzte OzZinemaren emanaldiak, baina kalera ere jo du zineklubak OzZinema Summer iniziatibarekin. Abuztuan, lau ostiraletan emanaldiak egiten dituzte herriko plaza ezberdinetan. Proiektu nagusiarekin bezala, lehen bi urteetan publikoa lortu bazuten ere, hirugarren urtea izan da esanguratsuena, momentuz, OzZinemarentzat: «Pasa den abuztuko emanaldietako batean, Musika plazan egin genuenean, 400 lagun bildu ziren. Izugarria izan zen, jende mordoa bildu genuen eta guk zinema ikusteko dugun modua kutsatu diegu». Aurten kalera irtengo dira berriz ere udan, eta dagoeneko emango dituzten lau filmak erabakiak dituzte, baina ez dute ezer aurreratu nahi izan.
Euskaraz zailago
Zinema zabaldu nahi dute, zirkuitu komertzialetik kanpo gelditzen diren filmak herritarren eskura jarri, baina hizkuntzak ere kezkatzen dituela dio Portugalek, «euskarari ere bultzada eman nahi diogu». Euskarari leku berezia eman nahi diote, baina ez dela erraza aitortu du. Zirkuitu komertzialetik kanpo dauden filmak aukeratzen dituzte beraiek, eta azken urteetan egindako euskarazko zinemak fama hartu duela dio, Loreak edota Handia kasu: «Horiek zinema aretoetan programatuta daude jada, eta ez dago ezaguna ez den film asko aukeratzeko».
OzZinemak zein ekarpen egiten dion Errenteria-Oreretari galdetuta argi diote, «zinea». Lanerako gogoa dutela esan dute eta transmititu nahi dutela, «pelikula bat ikusteko beste modu bat eskaini nahi dugu, zinema entretenimendu gisa sortu delako, baina pentsarazteko tresna ere bada, eztabaidarako balio behar du. Filmen ondotik antolatzen ditugun saioetan agerian gelditu da lortu dugula hori, eztabaida sortzea».
Helburua Errenterian oinarri zinemazalea sortzea dela diote, «estimulatzea zinemazaletasuna, Errenterian zaletasuna oso handia izan delako beti. Zinema artea ikusi eta gozatzeko beste modu bat da, Errenteriaren parte da».
Portugal eta Sedeño dira OzZinemaren arima eta bihotza, biak bakarrik ari dira abentura horretan eta ez dute, antza, beste inoren beharrik, «oso ondo moldatzen gara gure artean, ondo ulertzen dugu elkar, sinbiosi handia dugu. Hasiera guztiak zailak direla ukatu gabe, balorazio ona egiten dugu; inoiz ez dugu izan uzteko tentaldirik [barrez]». Ilusioa aipatu du Portugalek, «hasieran genuen ilusio bera mantentzen dugu hiru urte geroago lanean jarraitzeko». Aretoa beterik ikusteak poztasuna ematen diela dio Sedeñok, «babesa erakusteko kalean gelditzen gaituztenean izugarria da; guk programatutako filmak ikustera, berriz, Andoain, Tolosa eta Irundik ere etortzen da jendea… ongi egiten ari garen sentsazioa dugu».
Fermin Muguruzak Black is Beltza filma eman zutenean esandako esaldietako bat ekarri du gogora Sedeñok, «‘Errenteria hiriburu kultural izatea nahi dugu’ esan zuen Muguruzak, eta guk, OzZinemak, hiriburu kultural horren parte izan nahi du».
Ikusleen babesa dute, geroz eta zabalagoa da, eta proiektuarentzat ezinbestekoa dela argi dute biek, «zine saioa ez da ezer ikuslerik gabe», baina Niessen Zinemen babesa ere badutela nabarmendu dute: «Beti interesatu izan zaie arduradunei halako proiekturen bat martxan jartzea, eta oso ondo hartu dute OzZinema, oso ona da dugun harremana».
Pentsaraztea helburu
Zinema eurentzat zer den definitzea ez dute erraza. Lankide baten gogoeta bere egin du Sedeñok: «Inoiz biziko ez zituen istorioak bizitzeko aukera ematen ziolako gustatzen zitzaiola zinema zidan lankide horrek; niri ere horregatik gustatzen zait zinema, inoiz izango ez naizen lekuetara eramaten nauelako, beste modu batean pentsatuko ez nituen gauzak pentsarazten dizkidalako».
«Inoiz izango ez naizen lekuetara eramaten nau zinemak»
Jonathan Sedeño, OzZinema
«Zineak sentiarazi, pentsarazi behar dizu, zure munduaren parte behar du»
Nagore Portugal, OzZinema
Portugalentzat, Oz Mundura daramaten baldosa horiak dira zinema. Oz munduarekin erabat lotuta dago gainera, OzZinema zinekluba, Ozeko aztiaren fabulatik hartu zuten izena, «hala sentitzen gara, oinez goaz, bizitzen eta gauzak aurkitzen ditugu bide horretan. Oinez zoaz eta burua, bihotza aurkitzen dituzu, sentitu behar duzun guztia; zineak sentiarazi, pentsarazi egin behar dizu, zure munduaren parte behar du».
Batek baino gehiagok eskatu diela Ozeko Aztia proiektatzea aitortu dute, «oraindik ez dugu egin, eta helduko da uneren batean». Desio bat ere badute, saio gehiago egitea: «Urtarrileko hiru emanaldien ostean, nekagarria izan zela guztia lotzea onartu behar dugu, baina nahiko genuke saio gehiago antolatu».
Urtarrileko emanaldiek eragin zuten «ikusmina» mantentzea espero dute biek, «horretarako film onak, pentsarazten dutenak aukeratzen jarraituko dugu OzZineman, filma erdigunean jartzen, eta ondorengo solasaldiekin aberasten».
Martxorako programatutako bi filmak, euskaraz
Euskarazko lanak aurkitzea ez dutela erraza izan aitortu dute Jonathan Sedeñok eta Nagore Portugalek, batez ere azken urteetan euskaraz sortutako pelikulek arrakasta handia izan dutelako eta zinema aretoetako programazioaren barruan izan direlako. Esfortzua egin dute, ordea, eta datorren hilabeterako antolatu dituzten bi proiekzioak euskarazko filmekin egingo dituzte.
Martxoaren 5ean (asteartea) izango da lehen emanaldia. Josu Martinezen Jainkoak ez dit barkatzen filma emango dute, eta aurkezpenean zein ondorengo solasaldian hartuko du parte filmaren zuzendariak. Lezo Urreztietaren gainean egindako dokumentala da; Urreztieta XX. mendeko euskal historian funtsezkoa izan zen.
Martxoaren 26an egingo dute bigarren emanaldia. Ander Iriarte eta Aitor Bereziartua oiartzuarrek zuzendutako Bihar dok amairu filma aukeratu dute horretarako.
Bi pelikulak Donostiako Zinemaldian izan dira; lehena, Zinemiran, eta bigarrena, Culinary Zineman, baina ez dute bizitza komertzialik izan. OzZinemak bultzada eman nahi die biei, eta horien kalitatea nabarmendu dute zineklubaren arduradunek.