Bizardiak ibilaldi neurtua 40. aldiz egingo du hilaren 14an
Gurutzeko elkarteak aurten Errenteria-Orereta aldera joko du, Bizarain mendira. Ibilaldi neurtuaren bukatuta, hamaiketakoa egingo dute elkartearen egoitzan.
Urtero bezala —eta aurten 40. aldiz—, ibilaldi neurtua antolatzen du Gurutzeko Bizardia elkarteak. Hilaren 14an, igandea, izango da. Oiartzungo plazatik abiatuko dira, 07:30ean. Taldeka aterako dira, txandaka, izena eman ondoren.
Jesus Olaizola Bizardia elkarteko kidea da, eta azaldu duenez, urtero saiatzen dira ibilbidea aldatzen. Bera ez da hilaren 14an aterako, ibilbidea prestatzeko buelta dezente eman dituela. Berak eman ditu ibilbideari buruzko xehetasunak.
Lehendabizi, Iturriotz aldera joango dira, Done Jakue bidea aprobetxatuz, Añarreraino, eta handik aurrerago, errepidera jaitsiko dira, Belabaratzera iristeko. Hortik, Zamalbiderako bidea hartuta, lehenengo pausoa izango da Txoritokieta. Ondoren, Bizarain mendia —San Markos izenarekin ere ezagutzen dena—.
“Ni Oreretakoa naiz”, esan du Olaizolak, “eta aurten erabaki dugu bertatik joatea. Asko ezagutzen dut ingurua, eta polita iruditzen zait nire gazte garaiko tokiak berreskuratzea. Jendeari gustatuko zaio”. Ibilaldia Errenteria-Oreretara bideratzearen arrazoia esan du dela oiartzuarrek ez dutela txoko ongi ezagutzen, eta hura erakusteko.
Bizarain mendia inguratuta, Txirrita baserrira jaitsi, industriagunea gurutzatu eta Zentolenera igoko dira. Handik Tajo enpresara jaitsiko dira, Oiartzunen berriro sartzeko. Bidegorritik, Urkabera abiatuko dira eta Gurutzera igoko dira ondoren.
Hamaiketakoa, Bizardian
“Hor prest eduki dute hamaiketakoa”, ziurtatu du Olaizolak. Gaineratu duenez, aurten lehenengo aldiz zapalduko dute Donostia, tarte txiki batean bada ere, Bizarain mendiaren zati bat Gipuzkoako hiriburuari baitagokio.
40. ekitaldia ospatzeko ez dutela ezer berezirik egingo du jakinarazi du: “Nahiago dugu betiko martxa jarraitzea, jendeak eskertzen duelako horrela egitea”.
Iaz 178 lagun elkartu ziren, eta aurten inguru horretan ibiltzen badira, pozik egongo direla ziurtatu du Olaizolak. Guztia ongi atera dadin, gainera, hogei boluntariok egingo dute. “Ea eguna iristen den eta jendea parte hartzera animatzen den”.