Agintaldiko azkeneko plenoa egingo dute asteartean
2015-2019 ziklo politikoa ixteko, hamazazpi puntuko gai zerrenda izango dute mahai gainean. Hamahiru zinegotzirekin egingo den azken plenoa izango da.
Bederatzi egun falta dira hauteskundeak izan daitezen, eta Oiartzungo Udalbatza osatzen duten zinegotziak azkeneko aldiz elkartuko dira datorren astearteko plenoan. Gainera, hamahiru eserleku egotetik hamazazpi izatera pasatuko da hurrengo agintaldian.
Hamazazpi ere izango da gai zerrenda osatuko duten puntuen kopurua. Puntu horien artean egongo dira, besteak beste, zarataren ordenantzaren hasierako onarpena. Horrez gain, pare bat auzo elkarterekin dituzten hitzarmenak berritzeko proposamenak aztertuko dituzte, baita Gazte Izanak eta Kattin Txikirekin ere.
Taxibusaren zerbitzua luzatzea ere planteatuko dute. Oiartzunen euskara ikasteko diru laguntzen partida ere jorratuko dute. Gai zerrenda osoa ikusteko, egin klika esteka honetan. Azkeneko plenoa ohi ez bezala, asteartean —hilak 21— izango da, 19:00etan hasita.