Arraguako igogailua eraikitzen hasiko dira laster
Udalak aste honetan bertan kontratatu du Arraguako igogailua egingo duen enpresa. Xorrolaren geltokia eta Ganboxa Bidea lotuko ditu.
Aste honetan Arragua albiste da, eta ez bakarrik auzoko festak direlako. Udalak jakinarazi duenez, auzoko igogailua jarriko duen enpresa kontratatu zuten asteazkenean. Beraz, datozen egunetan obra egiteko prestaketak ikus ditzakete auzotarrek. Xorrola gelditzen den tokiaren —frontoiaren ondoan— eta Ganboxa bidearen arteko koska gaindituko ditu igogailuak.
Auzo batzarretan ateratako gaia izan da igogailuarena. Iazkoan, udalak eraikitzeko konpromisoa hartu zuen, Arraguako bizilagunen eskaeretako bati irtenbidea emanez.