Janaria ez xahutzeko
Errenteriako Udalak jatetxeei eta fruta dendei begirako kanpaina berria jarri du martxan. Helburua, hiri hondakinen prebentzioan lan egitea, eta bereziki, janaririk ez xahutzea.
Errenteriako Udalak jatetxeei eta fruta dendei begirako kanpaina berria jarri du martxan. Helburua, hiri hondakinen prebentzioan lan egitea, eta bereziki, janaririk ez xahutzea. Hiri hondakinen frakziorik garrantzitsuena, organikoa da, %40koa zehazki, eta horren barruan, alferrik galtzen dugun janariak zati handi bat hartzen du. Hondakinen kudeaketa iherarkia prebentzioa dela lehen estadioa nabarmendu du udalak, baita garrantzitsuena ere, “ahalik eta hondakin gutxien sortzea helburu duena”,
Udaleko Ingumen sailak gutunak bidali ditu jatetxeetara, tabernetara eta fruta dendetara kanpainaren berri emateko. Ingurumen teknikari talde baten laguntzarekin, saltoki bakoitzean sortzen diren hondakinak eta nola kudeatzen diren aztertuko da, eta ondoren, hondakin gutxiago sortzeko eta gaika hobeto biltzeko lagungarriak izango diren ekintzak proposatuko dizkiete saltokietako jabeei baita baliabideak eskaini ere.
Neurri horiekin bat egiten duten saltokiek, gainera, udalaren etiketa bat jasoko dute eta haien aipamena egingo du udal webgunean.
Parte hartu nahi duten establezimenduek izena eman behar dute honako telefono zenbakira deituta: 943 670 249.
Errenterian urrats handia egin dela aurrera hondakinen gaikako bilketan esan du udalak, “birziklapenean %42tik %60ra pasa da”. Udalak hartutako neurriei, herritarren erantzuna bikaina gehitu behar zaiola dio. Hala eta guztiz ere, oraindik ere badagoela gaikako bilketan hobetzeko tartea uste du, “bai kalitatean, bai kantitatean, eta ahalegin horretan jarraitzeko asmoa dugu”.