Gaur hasiko dira Ergoiengo 'sanantoniyuk'
Txupina botako dute gaur arratsaldean. Ondoren, meza eta bertso poteoaren txanda izango da. Igandera arte luzatuko dira.
Gaur arratsaldean hasiko dira Ergoiengo sanantoniyuk. 18:30ean botako dute festaren hasiera iragartzen duen txupina. Ordu erdi beranduago, meza egingo dute Auzokalte elkartean. Bukatzean, bertso poteoa egingo dute herriko bi bertsolarirekin: Alaia Martin eta Ander Lizarralde. Bihar arratserako kartelada eta truk txapelketa utziko dituzte. Ekitaldi gehienak larunbata eta igandean izango dira. Honakoa izango da egitaraua:
Hilak 14, ostirala
- 20:00etan: Kartelada ibiltaria, Auzokalten hasita.
- 22:00etan: Truk txapelketa Auzokalten. Izena ematea 21:45ean itxiko dute.
Hilak 15, larunbata
- 10:00etan: Lartaungo txistularien goiz eresia.
- 10:00etan: Ergoiengo V. Ganadu eta Artisau Azoka, Uztapide/Urtxalle plazan. Jan-edana eta taloak egongo dira.
- 12:00etan: Dantzari txikien erakustaldia Uztapide/Urtxalle plazan.
- 14:00etan: Auzo bazkaria.
- 16:00etatik aurrera: Haur jolasak, buruhandiak, zezen txikiak eta pottokak.
- 19:00etan: Danborrada Pakitik hasi eta auzoan zehar ibiliko da.
- 21:00etan: Bertso afaria, Sebastian Lizaso eta Andoni Egañarekin. Afaltzera joango ez direnak bertso saiora joan daitezke.
- Bertso afaria bukatutakoan, dj sorpresa, auzoko gazteen eskutik.
Hilak 16, igandea
- 09:30ean: Goiz eresia Herri Musika Eskolako ikasleen eskutik.
- 11:00etan: Gaztetxoen pilota partiduak.
- Eguerdian: Amulleta danborraren kofradiakoen kalejira.
- 14:00etan: Auzo bazkaria.
- 17:00etan: Segalariak: Otxamantegiko Urtzi, Bidarteko Iker eta Pikabeko Aitor. Aizkolariak: Xaguerrekako Ttakalo, Jon Larrañaga, Axel Larrañaga eta Markel Zapiain. Ondoren, trontzalariak.