'Aiako, Intxixua' liburua aurkeztuko dute uztailaren 2an
Oihartzun Guk-ek gonbidatuta, Edu Zabala Garagartza idazle irundarrak bere liburuaren berri emango du Manuel Lekuona bibliotekan.
Gaur zortzirako —uztailak 2— Oihartzun Guk gazte taldeak liburu aurkezpena antolatu du. Zehazki, Aiako, intxixua liburua gehiago ezagutzeko aukera emango dute. Horretarako bere egilea gonbidatuko dute: Edu Zabala Garagartza irundarra. Aurkezpena eta ondorengo solasaldia izango da, Manuel Lekuona bibliotekan, 19:00etan hasita.
Liburuaren argudioari dagokionez, Zabalak Oarsoaldean eta Bidasoan kokatu du kontakizuna. Intxixuak dira protagonista nagusiak, baina ez bakarrak; baskoiak eta zeltak agertzen baitira. Aiako Harria, Jaizkibel eta Larrun mendiek osatzen duten hirukiaren erdian, zeltek hiri bat sortuko dute.
Gatazka sortuko da bertan, eta baskoi batzuek zelten alde egingo dute, eta beste batzuek intxixuen alde. Gainera, magiak paper garrantzitsua jokatzen du eleberri horretan, eta Aiako Harriko barrunbeetan ere murgiltzen dira.