[Erreportajea] Eremu intimoenak ere denenak direlako
Oiartzungo Feministen Asanbladak ‘Komun komunak’ dinamika abiarazi du. Helburua da komun publikoetan ematen den bereizketarekin bukatzea eta egoera deserosoak gainditutzat ematea.
Egunean zenbat aldiz joaten ote gara komunera? Eta, etxetik kanpo gaudenean, zenbat aldiz aukera egin behar dugu komun batekin ala bestearekin? Mugimendu feministak hausnarketa egin du, eta hainbat tokitan komun komunen aldarria egin dute: Donostiako La Flamenka gunean, Ibaeta eta Leioako kanpusetan… Eta, orain, Oiartzunen ere bai.
Oiartzungo Feministen Asanbladak eredu hori herrira ekarri du. Orain dela lau aste abiatu zuten Komun komunak dinamika. Hasiera irudikatzeko Donibane kaleko komun publikoetan plaka bat jarri zuten, lelo horrekin. «Komunak, neska eta mutilen artean banatzean, sexua arautzeko espazio bat dira, eta hori ez zitzaigun gustatzen», jakinarazi du Nora Velez del Burgo mugimendu feministako kideak.
Bere taldekide Ane Leoneten arabera, komun publikoetako irudiek aldaketa bat behar dutela argi uzten du ateetako irudiek estereotipoak betikotzen dutenean. Berak ikusitako hainbat adibide jarri ditu: gona eta galtzak; arrosa eta urdina; gorbata eta pajarita; kaiola eta txoria… «Horrek, azkenean», esan du Leonetek, «begira jotzen du».
Dinamika sortzearen beharra mugimendu feministaren barruko elkarrizketetan azaleratu zen. Beste tokietako esperientziak ikusita, ez ziren zerotik hasi, eta gaiarekin interesa zuen talde bat osatu zuten, lantzeko. Velez del Burgok eta Leonetek beren inguruan ikusi zutenarekin erabaki zuten azpitaldearekin bat egitea. Velez del Burgo: «Niretzako, komunak bananduta egotea beti egongo da gaizki. Neskena super betea egoten da beti, eta mutilena hutsa. Mutil batzuek uste dute ilaran gaudela bakarrik nesken komunera joateko».
Leonetek erantsi duenez, neskek komun bat edo beste erabiltzen dute tabernetan, eta tokatu izan zaio mutilen bat etorri eta esaten diola gizonena dela. «Denak komunak dira, eta denak berdin-berdin gaude zain».
‘Komun komunak’ dinamika ez da zerotik hasi, beste tokietatik ekarri dute
Komuna bereizte hori erabat artifiziala dela nabarmendu dute. Esan dute haurrek bai galdetzen dutela ea irudi batek zergatik duen gona, eta ea zergatik ezin duten bertara sartu. Gainera, sexuen arteko arauketa horrek gatazkak sortzen dituela argi utzi nahi izan dute. «Aita bat alaba txikiarekin, edo ama bat seme txikiarekin baldin badago, non sartuko dira, mutilen ikurra duen komunean ala neskenean? Edo gurpildun aulkian doan gizon baten zaintzailea emakumea baldin bada…», galdetu dute.
Kiroldegiko aldageletan antzeko kasuak egon ohi direla gogorarazi dute, familientzako aldagelak dauden arren. Onartzen dute, hori bai, komunekiko ezberdina den beste lan esparru bat dela hori.
Harrera ona herrian
Iniziatiba plaza inguruko tabernei aurkeztu zieten, eta haiek beso zabalik jaso zuten. Bi motako zeinu identifikatzaileak atera dituzte, batzuk xumeagoak eta beste batzuk itxurosoagoak. Bitxikeria bat bizitu zuten proposamena aurkeztera joan ziren tabernetako batean.
Horrela kontatu du Velez del Burgok: «Eduki genuen elkarrizketa dibertigarri bat, gure proposamena aurkeztera joan ginen batekin. Esaten zigun, bere ustez, neska eta mutilek komun bera erabiltzeak zikinkeria gehiago sortuko zuela, mutilek zutik egiten dutelako pixa. Guk esan genion badaudela gizonak eserita pixa egiten dutenak, eta harrituta geratu zen! A zer aurpegia jarri zuen! [barre egin du]». Ildo berean, nabarmendu dute tabernetako komunak goitik behera itxita egon ohi direla, eta hori bakoitzaren intimitatea babesteko nahikoa berme badela.
Udalean ere aurkeztu zuten beren proposamena, eta berdintasun teknikariak zein zinegotziak begi onez ikusi zuten. Hala ere, Oiartzungo Feministen Asanbladako kideei adierazi zieten udal eraikinetan oraindik ez dutela komun komunen seinalizaziorik jarriko, ez behintzat langileak formatu arte. Hori bai, etorkizunean sortuko dituzten eraikinetan kontuan hartuko dute komun komunak eraikitzea.
Haurtzaro Ikastolarekin ere izan dute hartuemanik. Leonetek jakinarazi duenez, datorren ikasturtean hasiko dira gaia lantzen, hezkidetza talde baten barruan. Elizaldekoekin ere harremanetan jarriko direla iragarri dute. Beste erronketako bat, udaren bueltarako, herriko komertzio edota merkatalguneetara dinamika eramatea da.
Plaza inguruko taberna guztiek dinamikarekin bat egin dute
Atean zeinua jarri duenetako bat Miren taberna da. Miren Galardik Komun komunak iniziatiba modu positiboan baloratzen du, berdintasunerako beste pauso bat direlako. «Gure kasuan, komun bakarra daukagu, baina bi komun izanez gero ere, ados egongo nintzateke ere. Berdintasun puntu bat izango litzateke bai batzuk eta bai besteek berdin-berdin erabiltzea», esan du Galardik. Bezero helduenek galdetu izan diote ea zer den zeinua, baina kuriositatez bakarrik, ez beste ezergatik.
Leonetek eta Velez del Burgok, berriz, gakoa zein den esan dute: «Etxean ez daude bi komun, bat mutilentzako eta bestea neskentzako. Zentzugabekeria da; etxean normal egiten dena kalean egin beharko litzateke». Eta pixa eserita egitea garbiagoa da.