Madalenak Cup formatu txikiko futbol lehiaketa arrakastatsu joan zen atzo, bai partaideen aldetik, bai eta publikoaren onarpen aldetik.

Atzo jokatu zen III. Madalenak Cup. 30 taldetan banatutako 235 kirolarirekin, inoizko handiena izan da. Gainera, nesken bi talde eta beste bi misto izan ziren lehian, 24 neska denera; iaz ez zen neskarik izan. Giro ona, kiroltasunekoa, nagusi izan zen atzo Koldo Mitxelena plazan eta inguruetan. Ikusle asko izan ziren.
Benjaminen eta Alebinen mailetakoak izan ziren esparru txikiko futbol lehiaketak. Ligaxka faseen ondoren, kanporaketak jokatu ziren. Hala, Benjaminen Mailako finalera 9 eta Pequeños Diablos taldeak iritsi ziren, azken horienk irabazi zutelarik txapela. Alebinen Mailan, berriz, Mundarro eta Beti Crack finalisten arteko lehia orekatua penaltietan erabaki zen, Beti Crack taldearen alde.
Madalenak Cup taldeko antolatzaileek jakinarazi dutenez, eguna egoki joan zen. Eta lehian zehar izan ziren ikusle eta kirol taldeen arduradunen partetik ekarpen eta kritika oso baikorrak jaso dituzte. Pozik daude, beraz, antolakuntza taldekoak, laugarren Madalenak Cup prestatzen hasteko irrikan. Alta, antolatzaileek ere eskerrak eman dizkiete lehiaketa aurrera eramateko era bateko edo besteko laguntza eman duten babesle, elkarte eta norbanakoei.
Jarraian, hainbat taldetako ordezkarik herrian zehar egin zuten kalejiraren bideoa ikus daiteke.