Xanistebanak hiltzaileen eremu bihurtuko dira
Biyurrienea izeneko jokoa abiarazi du oiartzuar talde batek. Hilaren 26ra arte eman daiteke izena, eta festek iraun artean jokatuko da.
Azken egun hauetan, litekeena da zuetako batek baino gehiagok Facebooken Biyurrienea Oiartzun izeneko lagun-eskaera bat jaso izana. Hiltzaile izateko gonbita bat da. Txantxetan, noski.
Oiartzuar talde batek joko bat antolatu du xanistebanetarako: txupinazoarekin batera hasiko da. Izena eman daiteke hilaren 26ra arte, eta izena ematen dutenek nor eta nola hil (kakotx artean, betiere) behar duten informazioa jasoko dute Whatsapp bitartez.
Pertsona bat hiltzean, eskela jarriko dute Biyurrieneko hilerrian, eta abuztuaren 6an bukatuko da txosnagunean, gauerdian. Orduan jakingo da nor izango den Hiltzaileen Klubeko lehendakaria.
Joko horrekin oiartzuarren harremanak estutu nahi dituzte. Zahar eta gazteek eman dezakete izena, galdetegi hau beteta.