Jaiak "elkar errespetatuz" gozatzeko deia egin dute feministek
Xanistebanetarako ekitaldi eta ekintza ugari antolatu ditu Oiartzungo Asanblada Feministak, "errealitate, gustu, nahi, behar eta ordutegi" ezberdinak dituzten oiartzuarrentzat.
Oiartzungo Asanblada Feministako kideek agerraldia egin zuten atzo Done Eztebe plazan. Urtero bezala, datozen xanistebanetarako antolatu dituzten ekitaldi eta ekintzen berri eman zuten.
Lehenik, joan den ostegun gauean gertatutako erasoa gogor salatu nahi izan zuten. “Haserre eta nazkatuta gaudela adierazi nahi dugu. Izan ere bart gauean sei gizonek Bilbon emakume bat erasotu dute. Gertakari larri hauek jendarte eredua eraldatzea beharrezkoa eta urgentea dela erakusten dute”.
Bestalde, aurtengo martxoaren 8a “historikoa” izan dela gogoratu dute asanbladako kideek, kaleak “indarrez, aldarriz eta aliantza feministaz” bete zituztela. Uholde horrekin jarraitzeko asmoz, herriko feministek lanean jarraitzeko prest daudela erakutsi dute.
“Festak ez dira jendartetik at dauden armonia eta poz gune isolatuak. Festak herri identitatea indartzeko eta komunitatea kohesionatzeko adierazpen kulturalak dira”, adierazi zuten atzoko agerraldian. Hala, festak politikoak direla nabarmendu dute asanbladako kideek, festek duten balio politikoaz jabetuta ekin diotela jaietako ekarpena egiteari. Festek, “jendartearen balioak, nortasunak, ideologiak eta egiturak birsortzen” dituztela diote, eta aldi berean, jendartean dauden gatazkak, zapalkuntzak eta diskriminazioak adierazi. Funtsean, hegemonikoak diren genero eredu eta heteroaraua indartzen dituztela diote.
Jaiak aurrera ateratzeko ezinbestekoak diren lan guztiei balio politikoa eman nahi izan diete aurtengoan ere, bereziki kalean egon ahal izateko etxe nahiz sukaldeetan egiten diren lanak funtsezkoak baitira feministen ahotan; ikusezinak diren lanak jaiaren erdigunean jarri nahi dituzte.
Egitarau zabala
Iritsi berri diren xanistebanetarako eskaintza “errealitate, gustu, nahi, behar eta ordutegi” ezbedinak dituzten oiartzuarrentzat prestatu dituztela diote. Honakoa da egitaraua:
- Hilak 3 (larunbata): Bi Bemol taldearen kontzertu lasaia Euskal Herria plazan .
- Hilak 4 (igandea): 14:00etan Bazkari Begano Feminista egingo dute eliza ondoan. 16:00etan, bazkaloste umoretsua izango da Pantxika Lamour Clown-arekin, hau ere eliza ondoan. Eguna amaitzeko, 17:00etan poteo feministak herriko kaleak hartuko ditu. Alboan, DJ Bravaren furgoneta izango dute.
- Hilak 5 (astelehena): Erraia ikuskizuna Kazkazuri plazan, 17:00etan.
Era berean, aurten ere txosna feminista izango dela gogoratu dute, Madalensoro plazan. Aurtengoa, gainera, berrikuntzekin datorrela jakinarazi dute asanbladako kideek. Egunero, 12:30tatik 14:30tara eta 17:00etatik aurrera txosnako terrazan hamaika zaporetako Euskal Herriko Mahala izozkiak salgai jarriko dituzte. Baina ez da izango berrikuntza bakarra. Jolas txoko bat ere egongo da datozen egunotan, mahai jolas eta haurrentzako jolasekin.
‘Hau ere bada’
“Genero indarkeriarik gabeko festak bizi nahi ditugun arren, badakigu jendartea eraldatu bitarte, erasoak egongo direla”. Horregatik, emakumeentzako autodefentsa feministan formatu eta praktikan jartzeko deia egin dute. Horren harira, Hau Ere Bada kanpaina abiaraziko dutela jakinarazi dute. Ikusezinak diren eraso matxistak identifikatu, erantzun eta salatzeko asmoz, mugikorrerako aplikazioa eskuragarri izango dute herritarrek. Hau ere bada app-aren bitartez, erasoak salatu eta ikustarazteaz gain, feministen arteko konplizitate sareak ehuntzen jarraitzea da helburua.
Mugimendu feministatatik bidali duten mezua argia da: “kalea eta festak gureak dira!”. Erasotzaileek aurrez-aurre izango dituztela gogoratu dute. “Gure gorputz eta nahien jabe gara eta badakigu nola, norekin eta noiz gozatu nahi dugun, etengabe epaituak edo erasotuak ez izateko eskubide osoz. Beraz, oraindik baten batek zalantzarik badu, baiezko adierazi ezean, ezetza da erantzuna”.
Komun komuna
Joan den ekainean abiatutako Komun komunen egitasmoari ere keinua egin nahi izan zioten atzokoan. Asanbladak sortutako ekimenaren ondorioz komun komunak sortu dituzten establezimenduak eskertu nahi izan dituzte. “Etxean guztiok espazio bera erabiltzen badugu komunera joateko, zergatik ez kalean?”.
Amaitzeko, helburu nagusia festa giroan ongi pasatzea dela gogoratu dute. Horretarako, nahi dutenekin, nahi duten moduan eta elkar errespetuz festa giroaz gozatzera animatu dituzte herritar guztiak. “Xanistebanetan, festan, borrokan, dantzan, antolatutako ekintzetan, elkarrizketan, txosnan, kalean topatuko dugu elkar”.