Onintza Ostolazak eskerrak eman ditu jasotako babesagatik
Auzitegi Nazionalarekin akordioak "beti injustuak" direla esan du, baina gatazkaren zauriak betiko itxi behar direla eta geratzen diren 248 euskal presoak atera.
Pasa den astelehenean, 11/13 sumarioaren epaiketa akordio batekin itxi zuten. Horrenbestez, Onintza Ostolaza Arruabarrena oiartzuarra ez da espetxean sartuko, sumarioan zeuden beste 44 lagun bezala —bi espetxera joango dira—. Horren harira, eskerrak adierazko oharra idatzi du abokatu oiartzuarrak.
Ostolazak adierazi duenez, Espainiako Auzitegi Nazionalarekin akordioak lortzea beti injustua da, bai oinarrian —”akusazioa onartzea suposatzen baitu”—, baita ere ondorioetan —”bi auzikideen espetxeratzea suposatzen du gure kasuan , eta inhabilitazio absolutuak”—. Hala ere, pozik daudela nabarmendu nahi izan du.
“Epaiketa honekin garai zaharretara eraman nahi gintuzten, espetxeratze gehiago eta zigor gogorragoak nahi zituzten, eta guk, hasieratik esan dugun bezala, aurrera egin nahi genuen”, gaineratu. Horregatik, elkarbizitza eta bakea lortzeko bidean, zauri guztiak ixtearen aldeko apustua egin du.
“Euskal preso politikoei”, gaineratu du, “elkartasuna eta laguntza ematea da auzitan jarri dena. Baina elkartasuna eta laguntza indartuta atera dira epaiketa honetatik. Horren adibide, Bilbon bildutako jendetza, eta batez ere, auzikide bakoitzak jasotako babesa”.
Babesleei, eskerrak
Eskerrak hitza hutsala gelditzen zaiola esan du, sentitzen duen guztia adierazteko, baina ez duela beste modu hoberik aurkitu. Eskerrak eman dizkienen zerrenda oso luzea da: etxekoei; senideei; kuadrillakoei; hezkuntza komunitateko kideei; auzoetako jai batzordeei; duela egun batzuk egindako ekitaldietan parte hartu zuten sortzaile eta publikoari; Artikutzan lan egi zutenei; lanagatik defendatzen dituen preso eta haien lagunei; Oiartzungo Udaleko ordezkariei; Ostolazarengana isilean hurbildu eta lagundu dutenei…
Euskal Herria eta Oiartzun elkartasuna darien herriak direla txalotu du Ostolazak, eta dei bat luzatu du: “Jarrai dezagun etorkizun hobe eta justu baten alde; euskal preso politikoen alde, 248ak etxeratu arte; oro har preso dauden pertsona guztien eskubideen alde; Altsasuko gazteen injustizia bukatzearen alde; orokorrean, indar polizialen errepresioa jasaten duten edozein pertsonaren alde; zapalduak diren herrien alde; emakumeen aurkako zapalkuntzarik gabe; jarraituak eta zapalduak diren migratzaileen alde…”.
Onintza Ostolaza Arruabarrenak hiru termino erabiliz bukatu du bere idatzia: “Giza eskubideak, askatasuna, elkartasuna”.
Idatzi osoa irakurtzeko, egin klik esteka honetan.