Euskara ikastea inoiz baino errazagoa izango da Oiartzunen
Udalaren laguntzei esker, B2 maila arte euskaraz doan ikasteko aukera emango dute. Beste mailetan ere laguntzak emango dituzte.
Euskara ikastea inoiz baino errazagoa izango da Oiartzunen. Izan ere, aurten, lehen aldiz, B2 maila bitartera arte euskara ikastea dohain izango baita. Oiartzungo Udalak %100era arte finantzatuko du ikasturtea.
Ez dira bakarrak izango. B2 mailatik goitiko ikasleei ere laguntza emango die udalak: matrikularen erdia guztiei finantzatuko die eta %70a bitarteko laguntza jasoko dute sektore jakin batzuetako lagunek (gurasoak, hezitzaileak, merkatari eta ostalariak…).
Euskaraz ikastera animatu dute, udalaren partetik, Josu Delgado Euskara zinegotziak eta Aitziber Arnaiz Euskara teknikariak, eta Intxixu-AEKren aldetik, Jon Diaz de Mendibil zuzendariak eta Saioa Ballesteros irakasleak. Udalaren beka sistema berria aprobetxatzeko eskatu diete euskaraz ikasi nahi duten oiartzuarrei, eta euskaraz errazago eta merkeago ikasteko ikasteko aukera ez galtzeko.
Intxixu AEKk, bere ohiko eskoletan, A1, A2, B1, B2, C1 eta C2 mailak eskainiko ditu. Maila gehienetan, goizez zein arratsaldez emango dituzte eskolak. Izena emateko euskaltegitik pasa daiteke (Fermiñene etxeko lehenengo solairuan dago). Ikasturtea urriaren 1ean hasiko da.
AISA, aurten ere bai
Beka sistema berriarena ez da euskararekin lotutako gai bakarra. Oiartzungo Udalak eta Oarsoaldeko Euskara Batzordeak, elkarlanean, AISA egitasmoa eskainiko dute beste urte batez. Euskal Herri kanpotik etorritako 16 urtetik gorako pertsonei zuzenduta dago, euskarara eta euskal kulturara hasierako hurbiltzea egiteko.
Oiartzunen, urriaren lehenengo egunetik 10era bitartean eman ahal izango da izena, Euskara Zerbitzuan (Fermiñeneko beheko solairuan) edo Intxixu AEKn.
Matrikulak sei euroko kostua izango du, eta astean lau orduko eskolak emango dituzte. Urriaren 21ean otsailaren 14ra izango dira saioak, eta egutegia eta ordutegia ikasleekin adostuko dute. Euskaltegi irakasleek gidatuko dituzte saioak.