21 Aulki, begiratzeko
'Emakume ikusezinari begirada' zikloa egiten ari dira Ehuntze espazioan. Komikia eta literaturaren ondoren, performance-aren txanda.
Sormenaren plaza da Arraskuelarre kalean dagoen lokal txikia. Ehuntze espazioa 21 Aulki zikloa —hori da lokalak duen aforoa— hirugarrenez egiten ari da. Atzo Tupust! komikigintza feministaren antologia aurkeztu zuten Maite Gurrutxaga eta Ainara Azpiazu Axpi-k —Arrate Rodriguezek ezin izan zuen hurbildu—.
Gaur, berriz, liburuetan ere bai islatzen den beste sormen mota bat landu dute: literatura. Lau idazlek beren obra batzuk errezitatu dituzte: Goiatz Labandibar, Aintzane Galardi, Ainara Lasak eta Idurre Eskisabelek. Danele Sarriugartek eta Asier Sarasolak itzuli dituzten bi egileren lanei jarri diete ahotsa: Alejandra Pizarnirenei Sarasolak, eta Audre Lorderenei Sarriugartek.
Bihar bukatuko da zikloa, performance batekin. Emakume Burugabea ikuskizuna eskainiko dute udaletxeko areto nagusian, 19:00etan hasita. Antzerki, musika eta literatura uztartzen dituzte Antxiñe Mendizabal, Nerea Gartzia eta Pello Ramirezek.
Ikastaroa
Emanaldi horiez gain, ikastaro bat eskainiko dute 21 aulki proiektuaren barruan. Iratxe Retolazak Sinesgaitzari bide egiten: Emakume-ahotsen genealogiak ikastaroa emango du urriaren 28an eta azaroaren 25ean. Bi saioak Ehuntze espazioan izango dira, 19:00etan hasita.
Jakinarazi dutenez, tailer horretan euskal kulturako sortzaile batzuen ibilbideak izango dituzte hizpide. Sortzaileen ekarpen artistikoa ezagutu ez ezik, kultur esparruan emakumeek aritzeko eta plazaratzeko izan dituzten aukerez zein mugei buruz ariko dira.
Bi helburu izango dituzte. Alde batetik, euskal kulturako hainbat ekarpen eta testuinguru kultural ezagutzeko aukera izango dute. Bestetik, ekarpen horiei buruzko begirada feminista taxutu nahi dute. Genero ikuspegiak eta genero kokapenek euskal kultura nola gurutzatu duten ikusiko dute.
Izena ematea doakoa izango da, eskainitako tokiak bete arte. Horretarako, 652 70 15 53 telefono zenbakira dei daiteke, edo posta elektroniko bidez idatzi.