Aiora Irazu gaur abiatuko da Txinara, Munduko Txapelketara
17 urteko oiartzuarra maratoi mailan arituko da, hilaren 17an. Helburu garbirik gabe joango da, ahal den paper onena egitera, eta disfrutatzera.
Aiora Irazu piraguista oiartzuarra gaur gauean abiatuko da Munduko Kanoa Txapelketetara. Oiartzun Irratiari aipatu dionez, Madrilera autobusean joango da, eta han hartuko du hegazkina, Txinara joateko. Hilaren 21era arte izango da bertan.
Aklimatazio eta entrenamendu saio batzuen ondoren, hilaren 17an —ostegunarekin— lehiatuko da hamazazpi urteko palista oiartzuarra. Junior Mailako maratoian lehiatuko da. Hemeretzi kilometroko ibilbidea egin beharko du, tarteka piragua bizkar gainean hartuta.
Abuztuan lortu zuen Munduko Txapelketan parte hartzeko txartela, Espainiako Txapelketan hirugarren izanda.
Maratoia diziplina olinpikoa ez denez, Espainiako federazioak ez du bidaia diruz laguntzen. Finantzatzeko, Irazuren ingurukoek errifak atera zituzten. Oraindik eros daitezke, Miren Tabernan edo 689 58 06 87 telefono zenbakira deituta. 20an egingo dute zozketa (ONCEko sarituaren azken hiru zenbakiak begiratu behar dira). Saria Tolare jatetxean lau lagunentzako bazkaria izango da.
Irazu disfrutatzera joan da txapelketara, ahal den paper onena jokatu eta toki berriak ezagutzea. Esan duenez, “kristorena” da Munduko Txapelketa batean parte hartzea. Are hobea izango da beretzat esku hutsik bueltatzen ez bada.