Errenteriako PSE-EE, ordenantza fiskalak apal igotzearen alde
Errenteriako PSE-EEren udal taldeak, udal gobernuaren 2020rako zerga eta tasa ordenantza aztertu ondoren, hainbat ekarpen egin ditu. Nabarmendu du udal ordenantza fiskalen igoera apalaren aldeko dela, baina hainbat hobari eta aldaketa proposatuko dizkio udal gobernuak landu duen proposamenari.
Jose Angel Rodriguez taldearen eledunak adierazi du udal gobernuak proposatzen duen igoera orokorra (%0,60koa) ontzat ematen duela. Baina hainbat arlotan doitzeak proposatu ditu, adibidez, etxebizitza, ingurumen, eta euskara alorretan.
Higiezinen Gaineko Zerga (HGZ) ez dadila igo nahi du PSE-EEk. Rodriguezek uste du berez jada altua dela zerga hori, “herritarren artean eragina du”. 2017an zerga hori aldundiak eguneratu zuela esan du sozialistak, eta ondoren, udalak hori beste %1ean handitu zuela. Euskara eskolak jasotzeagatik dagoen tasa ere izoztea proposatu du Rodriguezek, “uste dugu euskara laguntzeko politikak mantendu behar direla”.
Bestalde, auto elektriko eta hibridoak dituztenei hobariak handitu nahi dizkie PSE-EEk: hibridoen kasuan %80ra, eta matrikulatu denetik 4 urtean zabaltzea; eta elektrikoen kasuan, %90ko hobaria ematea, eta matrikulatu denetik 6 urtera luzatzea hobaria.
Hondakinetan, landa eremuko biztanleentzat urteko 90 euroko kuota bat proposatu dute sozialistek, “herriko biztanle denak berdintasunean izan daitezen”.