[Erreportajea] Baloiak batzen duelako
Futbol egokitu eskola sortu dute Mindarak eta Oiartzun Kirol Elkarteak, oinez ibiltzeko gai diren gaztetxo elbarrientzat. Futbola normaltasunez bizitzeko baliabideak eman nahi dizkiete.
Futbola batzeko tresna da. Edo hala beharko luke behintzat. Horrela ulertzen dute Mindara elkarteak eta Oiartzun Kirol Elkarteak. Elkarlanean, futbol egokitu eskola sortzeko asmotan dira. Dagoeneko elbarritasunen bat duten —eta zutik ibiltzeko gai diren— hamar gaztetxok eman dute izena eskola horretan.
Futbol eskolarena ez da denboraldi hasiera honetan inprobisatu duten ideia. Bidea aspalditik egina dutela azaldu du Juan Luis Asensio Mindara elkarteko presidenteak.
Errenteria-Oreretako zein Oiartzungo bi elkarteek aspaldi dute harremana sortuta, Oiartzungo lehen taldea Lehen Mailan zegoenetik. «Nesken taldeak aukera eman zigun, Lehen Mailan zegoenean, gure izena duen publizitatea beren uniformeko galtzetan eramateko. Halako harreman bat sortu zen orduan, eta mantendu zen horretan».
Futbol egokituko eskola sortzeko ideia eskaerari erantzutea izan da
Horrez gain, bi elkarteen artean transmisio uhal lanak egin dituen Gema Loinaz Pumu dago, baita Ainhoa Rodriguez futbolari eta kirol egokituko entrenatzailea ere —bera aritu zen, hastapenetan, zuzendari tekniko lanetan—. Gainera, Mindaran eskaerak jasotzen ari ziren, aniztasun funtzionala duten haurrak 12 urte betetzen dituztenean kirola egiteko nahiarekin. Gainerako haurrek Eskola Kirola bukatzen dutenean kirol bat aukeratzen dutenean bezalaxe; ez gehiago, ez gutxiago.
«Bide horretan aurkitu ginen iaz», gogorarazi du Asensiok, «eta futbol egokituko eskolari forma ematen hasi ginen. Modu estrukturatu batean zerbait egitea pentsatzen hasi ginen, baina maiztasun jakinik gabe». Iaz futbol egokituko lau topaketa egin zituzten, hiru Ugaldetxoko zelaietan eta beste bat Real Sociedad Egunean, hainbat elkarte biltzen dituen Bizipozaren bidez.
Elkarlanean antolatutako lau topaketa horietan arrakasta dezente eduki zuten, eta guztira 40 bat lagun hurbildu ziren. Gaztetxoetako batzuk lau topaketetan errepikatu zuten, eta horiek izan dira eskolan izena eman dutenak. Helburu argia dute Mindarak eta Oiartzun Kirol Elkarteak: «Nahi duguna da futbolaren esperientzia eduki zezaten, modu normalizatu batean: futbolean aritu futbol instalazioetan; futbolean aritzen den jendearekin; futbolean erabiltzen den materialarekin… Dena era inklusibo batean, talde baten inguruan».
OKE, «hasieratik»
Koldo Martinez Oiartzun Kirol Elkarteko (OKE) presidentea da. Aitortu duenez, beso zabalik jaso zuten futbol egokituko eskola zabaltzeko proposamena. «Hasieratik, Oiartzun Kirol Elkarteak ez du izan ezertarako arazorik. Are, integrazioari buruz ari bagara», zehaztu du.
Jakinarazi du euren helburua ez dela proiektua eurenganatzea, eta hala jakinarazi ziotela Mindarari. «Mindara Errenterian dago, eta ez dugu Oiartzunera ekarri nahi. Harremana daukagu Mindararekin, eta elkarlanean jarraitzen dugu. Eta jarraituko dugu; hori bai, etor daitekeen guztiari irekita. Klub bezala, genuen arazorik handiena zen futbol zelaien erabileraren ordutegia antolatzearena. Hemeretzi talde ditugu hemen, eta ordutegiak kudeatzea da zailena».
Logistika kontuak alde batera utzita, Oiartzun Kirol Elkarteak bere eskura dagoen ahal bezain beste gauzetan parte hartzeko prest daudela esan du. Futbol egokituko eskolaren kasuan, Jon Alkorta klubeko zuzendari teknikoa da euren ordezkaria.
Asensio bat dator proiektua ezin dela herri bakar batean zedarritu: «Gure planteamendua beti izan da eskualdeko proiektu bat egitea. Izena eman dutenen zerrendan dauden hamarretik bizpahiru Donostiatik etorriko dira. Topaketetara, bada Beasain edo Legazpitik etorri den jendea, eta horiek ezin dute astero etorri. Topaketetara etortzen jarraituko dute, baina ez egunero».
Futbola modu normalizatuan bizitzea da eskolaren helburuetako bat
Beraz, herriaren mugak —edo are, eskualdea— gainditzeko nahi argia daukate. Izan ere, Asensioren ustez, ez du batere zentzurik futbol egokituko eskola bat Oiartzunen egiteak, beste bat Errenteria-Oreretan edota beste bat Lezon. «Jende asko balego jolasteko, primeran, baina ez da kasua. Esango liguke behar handia dagoela, baina gaude mundu honetan gaudenak, eta uste dut alde horretatik ez dela horrela izango. Eskualdeko proiektua izatea da helburua, eta norbaitek batu nahi balu —izan erakunde, norbanako edo enpresa— beso zabalik jasoko dugu».
Momentuz, ari dira beren asmoak zabaltzen. Asensio: «Aldundiarekin egin dugu lehenengo kontaktua, zerbitzuburuarekin eta zuzendariarekin ere bai. Lehenengo harreman hori egin dugu, baina oraindik ezer ez da go finkatuta. Aurkezpena egin diet, e-posta bidez, eta orain zain nago aldundian bertan gelditzeko. Esperantza dugu zerbait ateratzeko. Oiartzungo Udalak eta Errenteriako Kirol Patronatuak interesa jarri dute, eta haiei ere aurkeztuko diegula geratu gara».
Partaideen zain
Futbol egokituko eskola prestatzen pixka bat berandu hasi direla onartu du Asensiok: «Askok eskolaz kanpoko jarduerak antolatuta dituzte, eta gu hona gatoz, aztoratzera». Hala ere, konbentzituta dago asteak aurrera joan ahala, jende gehiagok emango duela izena. Oraingoz hamar dira zerrendan, bat gehiago besterik ez dute behar taldea osatzeko.
Lehenengo urratsak direnez, oraingoz entrenamenduak egitearekin konformatuko dira. Denborak emango du bere epaia, eta esango du nola bukatuko duen proiektuak, baina asmoa ez da hasieratik lehiatzen aritzea.
«Helburu bat izan daiteke, baina agian ez. Futbol egokituaren inguruan badaude alor ezberdinak: garun paralisia dago, areto futbola intelektualentzako, itsuentzako bi futbol mota… Orain daukagun jendea alor ezberdinetakoa da, eta pixkanaka joango gara. Eibarrek eta Osasunak badute eskola, Realak badu bere taldea… Agian plantea daiteke ikasturte bukaeran horrelako txapelketa bat edo patxanga bat egitea».
Elbarritasun ezberdineko hamar lagunek eman dute eskolan izena
Gema Loinaz Pumu-k azaldu duenez, lehiaketara iritsi baino lehenago beste fase batzuk pasa nahi dituzte. Adibidez, Oiartzun Kirol Elkartearen gaztetxoen taldeetako batekin batera entrenatzea, edo partidaren bat jokatzea. «Oiartzungo haurrek ikusi behar dute zertarako gai diren haur hauek. Agian denak ez dira gai izango, baina interesgarria izango litzateke denak nahastea entrenamenduren batean edo partidatxoren batean», esan du Loinazek. Horrekin, printzipioz behintzat, nahikoa luketela adierazi du. «Hemen entrenatzea asko da beraientzako; konoak ikustea, talde baten parte izatea… Telebistan ikusten duten hori eurek bizitzea handia da beraientzako».
Lehiatzea ez dago hasierako asmoen artean; taldea sortzea da asmoa
Esperientzia berri hori ezagutu nahi duten 12 urtetik gorakoek eman dezakete izena, eta horretarako Mindara elkartearekin harremanetan jarri beharko dute, info@mindara.org e-posta helbidean. Informazio gehiago jasotzeko bidea ere hori izango dela jakinarazi dute.
Horrela, nabarituko dute baloiak ez duela inor kanpoan uzten, ezberdinak batzeko balio duela.
Entrenatzaile eta begiraleak, prest erronka berrirako
Mindara eta Oiartzun Kirol Elkarteak boluntarioak behar zituzten futbol egokituko eskolan lan egin zezaten, eta aurkitu dituzte. Oraingoz, lau izango dira ostegunetan lanean ariko direnak. Endika Loiola izango da arbeleko kontuak eramango dituena, eta Haizea Izargarai eta Izar Susperregik egingo dituzte begirale lanak.
Izargarai orain arte autismoa duten pertsonekin aritu da lanean, eta orain Gizarte Integraziorako erdi mailako gradua ikasten ari da. Kirolean ere badu eskarmentua: iaz haurren talde bat entrenatu zuen. Bi arloak batzen dituen lehenengo esperientzia izango da, eta ilusio handiarekin dago erronkari heltzeko. Izar Susperregirekin —Gizarte Integrazioa ikasten ari da— batera ariko da laguntzaile lanetan.
Endika Loiolak entrenatzaile moduan badu esperientzia, eta futbol egokituan probatzeko nahia ere bai. Horretarako arrazoiak eman ditu: «Batzuk pixka bat ameslariak gara, eta beti nahi dugu bidezkoagoa izango den mundu bat, mundu politagoa, denek aukera berdinak izango ditugunak. Agian batzuetan saiatzen gara borrokatzen gure esku ez dauden gauzen alde, eta badaude gauzak ez daudela gure esku, eta agian kristoren ekarpena egin dezakegula gure gizartean. Horregatik eman nuen izena talde honetan». Arduradunek uste dute hirukote polita osatuko dutela, eta duten eskarmentua elkartuta zerbait ilusionagarria egin daitekeela.
Balore transmisioa
Loiolaren helburua izango da baloreak transmititzea. Oso garrantzitsua dela uste du, eta klubak paper polita joka dezakeela hor. «Niretzako futbola bizitzaren parte da, edo bizitza bera bezalakoa da. Ausarta dena zelaian ausarta da futbol zelaitik kanpo.
Pertsonei erakutsi behar zaie balore jakin batzuekin jokatzen. Ni horretan saiatzen naiz. Batzuetan, egin izan ditugu irakurketa saioak aldageletan. Adibidez, ELA gaixotasuna zeukan futbolari batentzako futbola zen zen eta horrelako gauzak». Oiartzun Kirol Elkartearen jarrera egokitzat jo du, eta bat egin behar dela horrelako dinamika inklusiboekin. «Eta ahal bada, lagundu».
Laugarren hanka Itsaso Nabaskues izango da. Bera izango da zuzendari teknikoa, topaketetan aritu zen Ainhoa Rodriguezen ordez —Gasteizko Zuzenak taldean dabil orain—. Nabaskuesek ezingo du entrenamenduetara hurbildu, baina ekarpena egingo du.
Mindara, zazpi urte inklusioaren alde lanean
Mindarak bere lana 2012an hasi zuen Oarsoaldean jarduera fisiko inklusibo, kirol egokitua, osasuna eta aisialdiaren arloetan aniztasun funtzionala duten pertsonei zuzenduta.
Kirol arloan, badauzkate hainbat programa. Astegunetan areto barruan egiten dituzte kirol saioak —ezberdinak—, baita igerilekuan ere. Adinaren arabera, egun batean edo bitan egiten dituzte. Igeriketan, saiakerak egin dituzte Oarsoaldea taldearekin entrenatzeko —iaz, adibidez—; mahai tenis taldean ere ari dira…
Kirol arlokoak ez diren gaiak ere lantzen ditu Mindarak. Bai formazioari baita aisialdiari ere dagokionak izan daitezke jarduera horiek. Haurrentzako eta gazteentzako programak eskaintzen ditu egoitza Errenteria-Oreretako Olibet auzoan duen elkarteak, bi esparru horiek lotzen dituztenak. Sentsibilizazio kanpainak ere egin izan dituzte.
Ibilbide luzeagoa dauka Oiartzun Kirol Elkarteak (1975ean sortu zen). Koldo Fernandez presidentearen arabera, Karla Lekuonak ezarri zituen baloreak bere egiten dituzte. «Berak lehenesten zuena balore humanoak ziren. Irabaztea denoi gustatzen zaigu, baina bizkarrean eramaten duten zenbakiaren gainetik daude pertsonak», esan du.
Gema Loinazek bat egiten du: «Oiartzun Kirol Elkartea berezia da. Balore horiengatik da Oiartzun den bezalakoa, eta saiatu behar da balore horiek mantentzen. Bestela Oiartzun desegin, eta beste klub guztiak bezalakoa izango da».