Ordenantza fiskaletan, abuztuko KPIa ezartzea da Errenteriako udal gobernuaren asmoa
Ordenantza fiskalak Errenteriako Udaleko alderdien ahotan daude. Udal gobernu taldeak beste alderdiei bidali die landu duen proposamena.
Errenteriako Udaleko gobernu taldeak jakinarazi du jada prest duela 2020rako ordenantza fiskalen proposamena. Horretan jasota dago, proposamen orokor gisa, 2019koei abuztuko KPIa ezartzea 2020koak osatze aldera. Horrela, udal gobernuak jakinarazi du “kontentzio ahalegina” egin duela proposamena lantzerakoan, “oro har eskualdeko udalerrietan planteatu diren igoeren azpitik” mantenduko dela, alegia. Hobariak nahiz igoko ez diren zerga eta tasak ere izango direla esan du udal gobernuak, tartean, etxebizitza hutsena eta konpostajea egiten dutenena.
Proposamena jada gainontzeko udal taldeek dute esku artean azter dezaten, “horren gainean lan egiteko eta ahalik eta babes eta adostasun handienarekin onartu daitezen”. Udal gobernuaren desioa da ordenantza proposamen horren gainean lan egin ahal izatea, “horrela, osoko bilkurara herriarentzat onuragarria izango den adostasun garrantzitsuarekin iristeko”.