Komedia satiriko-feminista batekin hasiko da saria eduki dezakeen antzerki denboraldia
'7ak bat' antzezlana izango da Oiartzungo Antzerkizaleen programazioa irekiko duena. Aurten ikusleen fideltasuna sarituko dute.
Oiartzungo Antzerkizaleek prestatu dute aurtengo programazioa. Datorren igandean 7ak Bat komediarekin hasiko dute denboraldia. Ohi bezala, emanaldia udaletxeko pleno aretoan izango da, 19:00etan hasita.
2019/2020 denboraldiari hasiera emango dion lana gizakiaren gaiztakeriaren inguruko komedia-satiriko-feminista garaikidea da, publiko gazte-helduari zuzendua.
Mary Shelleyren Frankenstein eleberrian oinarrituta dago Atx Teatroaren antzezlana: “Victor Frankensteinen izakia inspirazio moduan hartuta,gure kulturako zazpi pekatu kapitalak hartu eta guztiekin gizaki berri bati bizia emango diogu, groteskoa, basatia, gupidagabekoa…”.
Alfonbra azpian ezkutatu ohi direnak azaleraziko dituzte Aiora Sedano, Miriam K Martxante eta Estibaliz Villa aktoreek, Iñaki Ziarrustaren zuzendaritzapean.
Fideltasuna saritu
Aurtengo denboraldia, hala ere, berritasunekin dator. Oiartzungo Antzerkizaleek ikusleen fideltasuna sarituko dute. Horrela, hiru antzezlan ikustera joaten direnek debalde izango dute laugarrena (bost euro balio du antzezlan bakoitzak).