Garazi Ansak mugimendu feministari egindako begirada, Bilbon ikusgai
Azkuna Zentroa-Alondegian ikus daiteke ikerketa, azaroaren 16ra arte. Komisario Berriak egitasmoaren barruko erakusketa jarri du oiartzuarrak.
Datorren azaroaren 16ra arte bitartean Bilbotik pasatzen denak, Garazi Ansaren ikerketa lana ikusteko aukera izango du. Horretarako alondegia zenera —Azkuna Zentrora— jo beharko du.
Bilboko kultur zentroak azaldu duenez, oiartzuarrarena ikerketak artearen eta aktibismoaren arteko harremanak berraztertzea proposatzen du. Horrela, Ansak 1970eko hamarkadaren amaieran mugimendu feministak Euskal Herrian egindako lanaren eta artisten praktikekin dituen harremanen ikuspegia islatu du ikerketa horretan.
Komisario Berriak
Komisario Berriak proiektua (KB) Bilboko Azkuna Zentroak, Donostiako Tabakalerak eta Gasteizeko Artiumek abiarazi zuten 2016an, elkarlanean.
Zehazki, hau da helburua: “Komisariotza-praktika euskal ingurunean garatzeko eta alor horretan profesional berriak sendotu daitezen bultzatzeko asmoarekin 2016an sortutako deialdi publikoa da hau. KB proiektuak komisariotza-proiektuak gure lurraldean agerian jartzen ditu, hain zuzen, azken hamarkadetan Euskal Herriari lotutako jarduera artistikoen inguruan egin diren ikerketa-proposamenak ikustaraztea bultzatzen du”.
1960 eta 1970eko hamarkadetan artea eta ekintza politikoa nahasten ziren hainbat adibide badaude, eta horiek aztertu dituzten hainbat ikerketek bigarren maila batean utzi dituzte hain azalean ez zeuden mugimendu batzuk. Adibidez, mugimendu feministarena.
Ansak 1970eko eta 1980ko hamarkadetan suspertutako mugimendu feminista eta emakume artista hauen lanen azterketa egin du.
“Euskal artearen historiografiaren idazketan erabateko itzalpean egotearen ondorioz desagertutako izenak, ideiak, loturak, kointzidentziak, elkarlanak, eraginak eta bestelakoak jaso eta orain artean hutsune horretan igeri egindakoen istorio zirriborratuak idazteko eta ikustarazteko asmoz egina da ikerketa”, azaldu dute alondegi zaharreko arduradunek.