Gehiengo sindikalak elkarretaratzeak deitu ditu biharko, herri guztietan
Kataluniako epaiaren harira, mobilizazioak egingo dituzte Oarsoaldean eta Bidasoan, "astakeria judizialaren" kontra. Donostiara joatera deitu dute.
Bihar, eguerdiaren bueltan, euskal gehiengo sindikalak mobilizazioak egingo ditu, buruzagi independentisten kontrako epaiaren harira. ELA, LAB, Steilas, ESK, Etxaldek eta HIRUk “astakeria judizial” bezala izendatu dute epaia.
Oarsoaldeko eta Bidasoko udalerri guztietan egingo dituzte mobilizazioak (ikus behean deialdiak). Herriguneetan —udaletxeen aurrean, Hondarribian izan ezik— elkartzeaz gain, hainbat lantokitan egingo dituzte beste ekintza batzuk: CAF, Salva, Papresa, Niessen, Pasaiako Portuan…
Gainera, larunbatean Donostian egingo den elkarretaratzean parte hartzera deitu dute. Antiguatik aterako da, 17:30ean. Bihar toki hauetan elkartuko dira:
- Errenteria-Orereta: Herriko Plazan, 11:00etan.
- Hondarribia: Santa Maria arkuan, 12:00etan.
- Irun: San Juan Arria plazan, 11:30ean.
- Lezo: Gurutze Santuaren plazan, 13:30ean.
- Oiartzun: Done Eztebe plazan, 11:00etan.
- Pasaia: Udaletxearen aurrean (Donibanen), 09:30ean.
LAB: “Izaera antidemokratikoa, agerian”
Biharko mobilizazioen deitzaileetako batek —LABek— prentsa oharra helarazi du, bihar mobilizatzera deituz. Zigortuen askatasuna eskatu dute, eta herrien autodeterminazio eskubidea delitu bihurtzen duen errelatoa gailendu dela gaitzetsi dute. “Demokraziaren eta askatasunen kontrako eraso oso larria da”, gaineratu du sindikatuak.
Espainiako estatuak makinaria errepresiboa martxan jarri duela esan dute, estatuaren batasunari eusteko.
“Gaur, zoritxarrez, epai gogor honek argi uzten digu estatuaren izaera demokratikoa, egunotan oso agerian geratu den izaera, Franco diktadorearen gorpuzkiak Erorien Haranetik ateratzeak sortu duen harrabotsarekin”, zehaztu dute.
Katalunian bezala, Euskal Herrian ere “izpiritu antidemokratikoa” nolakoa den ezagutzen dela nabarmendu du sindikatuak. Torturak eta kartzela urteak franko izan direla gogorarazi dute: “Preso politikoak dituen herri bat ez da herri normalizatua, ezta demokratikoa ere”.
Horrela, gertatzen ari dena estatu demokratiko batean pentsaezina dela uste dute, eta Espainiako Estatuak ez duela lurralde krisiari zein sozialari irtenbiderik emateko asmorik. “Estatuaren inboluzio antidemokratiko horren aurrean jendarte sektore gero eta zabalagoek eredua bera zalantzan jartzen duten honetan, erabateko autoritarismoa da erantzuna”.
Horrela, “basakeria juridikoa salatzera” deitu dute, Kataluniako herriari babesa eta bultzada emateko. “Gure herriak ere bultzada berria izan dezan”, bukatu dute.