Gazteei begirako alokairurako laguntzak martxan jartzeko galdegin du PSE-EEk
Alderdi sozialistaren arabera, udal aurrekontuan laguntza horri begira 90.000 euroko diru zatia jasota badago ere, oraindik ez ditu martxan jarri.
Aurrekontuen barruan gazteei begirako alokairurako onartutako diru laguntzak martxan jartzeko eskatu dio PSE-EEk gobernu taldeari. Alderdi sozialistaren arabera, udal aurrekontuan laguntza horri begira 90.000 euroko diru zatia jasota badago ere, oraindik ez ditu martxan jarri. “Utzikeria” leporatu dio Jose Angel Rodriguez PSE-EEko bozeramaileak gobernu taldeari gai horretan, “urtea amaieran gaude, eta gaur gaurkoz, oraindik ez da mahai gainean jarri gazteak alokairuan laguntzeko araudi proposamen bat ere”.
Emantzipazioaren bidea zabaltzeko “ezinbestekoa” dela bere alderdiaren aburuz udaletik politikak martxan jartzea, baita alokairua sustatzea esan du Rodriguezek. Ildo beretik jo du Isaac Palencia alderdikideak: “Urte hasieratik eskatzen ari gara diru laguntza horiek ahalik eta azkarren martxan jartzeko araudi bat lantzeko. Gobernu taldeak hori betetzea nahi dugu, denbora pasatzen ari dela aspaldian esan genuelako eta arriskua dagoelako aurrekontuetan jasotako diru zati hori ez erabiltzeko, bestetan gertatu den bezala”.