Erasoen aurrean, herritarrak jarrera aktiboz jokatzera deitu ditu udalak
Larunbatean Errenteria-Oreretako emakume baten kontra egindako erasoa gaitzetsi dute alderdiek, eta gaitzespen hori aurten herrian salatu diren emakumeen aurkako zortzi erasoetara zabaldu du, "zero tolerantzia adierazten dugu edozein eraso matxistaren aurrean".
Astebete baino gutxiagoko epean kalera aterako da berriz ere mugimendu feminista gaur, beste eraso sexista bat salatzeko. Errenteriako Udalak osotasunean bat egin du azken eraso horren gaineko salaketarekin, eta adierazpen instituzionala adostu dute aho batez udalean ordezkatuta dauden alderdi politiko guztiek. Larunbatean Errenteria-Oreretako emakume baten kontra egindako erasoa gaitzetsi dute alderdiek, eta gaitzespen hori aurten herrian salatu diren emakumeen aurkako zortzi erasoetara zabaldu du, “zero tolerantzia adierazten dugu edozein eraso matxistaren aurrean”.
Lanean jarraitzeko konpromisoa berretsi dute gainera emakumeak indarkeria matxistarik gabe bizi daitezen eta hausnarketara deitu ditu herritarrak, “bereziki gizonezkoak”, beren jokabide eta jarrerei erreparatu eta edonolako erasoren aurrean jarrera aktiboz jokatzera. Erasoa jasan zuen emakumeari laguntza eskaini diola jada jakinarazi dute adierazpen instituzional horretan, eta halaber, elkartasuna adierazi dio, “udalaren esku dauden eta beharrezko zaizkion baliabide guztiak jarriko ditugu eraso duten emakumearen eskura”.
Oreretako Mugimendu Feministak gaurko antolatu duen elkarretaratzea babestu du, azkenik —Niessen merkatalgunearen sarreran izango da 19:30ean— eta herritar guztiak deitu ditu parte hartzera.