Dibertsitateen haziak ereiten
Hilaren 23an II. Haziak Eguna egingo dute Oiartzunen. Aniztasuna ardatz duten hainbat kolektibok gaia landuko dute sormenezko tailerren bitartez.
Dibertsitatea bera baino kontzeptu dibertsoagorik ez da egongo. Hurrengo larunbatean —hilak 23— aniztasunaren gaia landuko dute Haziak proiektukoek, beste hainbat kolektiborekin batera. Haziak Egunaren bigarren ekitaldia egingo dute Oiartzunen.
Haziak proiektuko kide dira Nekane Martiarena eta Nora Barroso. Aldez aurretik elkarlanean aritu diren hainbat elkarte gonbidatu dituzte, guztiak dibertsitatearen gaia modu batera edo bestera lantzen dutenak.
«VeDikoekin badaramatzagu urte dezente elkarlanean, Naizen taldekoak ere ezagutzen ditugu aldez aurretik, Ilusionista Sozialekin ere antolatu ditugu ekitaldiak. Elkarlanean hainbat gauza egin ditugu beraiekin, eta Sorburu Kooperatibarekin emakumeen kontrako indarkeriari buruzko tailerra egin berri dugu…», esan du Martiarenak.
Hilaren 23ko ekitaldiak herriko bi ikastetxeetan egingo dituzte, Elizaldek zein Haurtzarok parte hartzen baitute proiektuan. Ikastolan egingo dituzte tailerrak eta beste dinamikak, 10:00etatik 13:30era bitartean.
Bi eremutan zatituko dira; horietako bat izango da haur eta familientzako
Bertan, kolektibo bakoitzak sarrera txiki bat egingo du, eta ondoren hasiko dira lanketan. Bi eremutan banatuko dira. Ura izena jarri diote bati, eta hori haurren familiei eskainitako gunea izango da. Besteak Haizea izena izango du, eta helduago direnentzako izango da.
Gaia dibertsitatea izaki, kolektibo bakoitzak aniztasuna nola sentitu, bizi edo hausnartzen duten azalduko du. Ura eremuaren kasuan, sexu identitateak eta irudizko mugak landuko dituzte Haziak proiektukoek, Naizen eta VeDirekin batera. Naizeneko Bea Severek hasierako planteamendua egingo du, eta ondoren jarriko dizkiote hegalak irudimenari, sortzen hasteko. Bakoitzak bizi dituen esperientziak partekatuko dituzte.
Barrosok azaldu du zer diren irudizko muga horiek: «Guk gure buruari jartzen dizkiogun mugak dira. Edo estatu batek jartzen dituen muga administratiboak. Muga elementu batzuk daude, hor daudenak, eta apurtzeko daudenak. Agian mugak mendiak eta ibaiak izan daitezke, baina pasa daitezke. Edo bakoitzaren azalaren koloreak markatzen diren mugak dira».
Haizea eremuari dagokionez, kultura herrikoia eta emakumeak izango dira jorratuko dituzten gaiak, Ilusionista Sozialekin, Sorburu Kooperatibarekin eta Garaipen elkartearekin.
Honakoak dira aztertuko dituzten kontzeptuak: «Dibertsitateak eta horizontaltasunak kultura herrikoien eta emakumeen esparruetan jasandako erresistentziei, adaptazio gaitasunei, eraldaketei egingo zaie mentzio. Ikasi eta desikasteari, elkar laguntzari, lotura afektiboei, ikasketa berrien irekitzeari…». Onena hara joan eta ikustea izango dela aurreratu dute.
Haurtzaro Ikastolan prestatuko dituzten eremuak ez dituzte apetaz izendatu. Martiarena: «Ura eta Haizea izenek dibertsitate hori islatzen dute, mugimendua adierazten dute. Jarioa ere islatzen dute. Ezin dituzu eskuetan mantendu, ihes egiten duen zerbait dira, eta dibertsitate horrek gizarteari ere alde egiten dio. Gainera, haizea dibertsoa izan daiteke; izan daiteke beroa, izan daiteke hotza, hegoaldekoa, iparraldekoa… Uraren kasuan ere; kolore dibertsoa izan dezake. Eraldatzen dira, gizakiak eta dibertsitatea bezala».
Goizeko saioen ondoren, Elizalde Herri Eskolara joango dira. Bertan bazkalduko dute, 14:00ak inguruan. Otordua behar duenak, 645 00 54 96 telefono zenbakira deitu beharko du asteazkena baino lehen.
Helduek bazkariko txartelak 8 euroan eskura ditzakete, eta haurrentzako prezioa bost eurokoa izango da —egunean bertan ordaindu beharko da—. Langabeek eta egoera berezian daudenek ez dute ordaindu beharko. Jatera esertzeaz gain, bakoitzak bere eremuan bizi eta sentitutakoak partekatzeko aprobetxatuko dute mahaiaren buelta.
Tailerretan sortuko dena inorena ez dela izango ziurtatu du Barrosok: «Tailerretan sortuko dena ez da izango ez Ilusionista Sozialek egiten dutena, eta Sorburuk egiten duena ere. Izango da mestizaia bat, eta gauza oso politak ateratzen dira hortik. Denok gara mestizoak modu batean edo bestean».
Gaineratu duenez, aurtengo Haziak Eguna honetan sortuko dena da pertsona batek momentu batean, modu batera edo bestera, pentsatu duena. «Hori interesgarria da boterearen deseraikuntzaren lanketa horretan. Eta gainera, oso interesgarria da partekatzea».
Elkarrekin bazkalduko dute; esperientziak partekatuko dituzte
Haziak Eguna ekitaldiaren bigarren ekitaldia, beraz, prest dago. Iaz adierazpideak izan ziren gaia, eta herriko hainbat txokotan prest zituzten ekitaldiak moldatu zituen eguraldiak. Aurten dibertsitatearen hainbat aurpegiak azaleratzea baldintzatuko duenik ez da egongo.
Bost kolektibok hartuko dute parte II. Haziak Eguna-n
Haziak elkartea (hemen klik eginda, beraien bloga) Oiartzunen sortu zen 2015ean, eta hezkuntza formalean eta ez-formalean egiten dute lan. Haiek bost entitate gonbidatu dituzte Haziak Eguna elkarrekin egiteko.
Sorburu Kooperatiba Feminista: 2014an Errenteria-Oreretan jaiotako kooperatiba feminista bat da. Garaipen elkartea zaharxeagoa da; 2002tik ari da feminismoaren esparruan lanean.
Ilusionista Sozialen Mintegia EHUko ikerketa eta formazio taldea da, «jendearekin eta jendearengandik» lan egiten dutela esaten dute. VeDi (Ventanas a la Diversidad) teknologi berrien, artearen eta sorkuntzaren bidez munduko gazteak elkartzen dituen plataforma da. Naizen adingabe transexualak biltzen dituen elkartea da.