Indarkeria matxistaren hemezortzi biktima artatzen ditu udalak
Gaur Indarkeria Matxistaren Kontrako Eguna da, eta dituen datuak eman ditu Oiartzungo Udalak. Gaur egingo den elkarretaratzean parte hartzera deitu dute.
Gaur Indarkeria Matxistaren Kontrako Eguna da, eta Oiartzungo Udalak salatu duenez, indarkeria mota hori egiturazkoa da Oiartzunen baita ere. “Oiartzungo Udalak indarkeria matxistarik gabeko gizarte bat eraiki nahi du, non emakume guztiek bizitza duina izango duten. Oraindik egiteko lan handia dagoen arren, Oiartzungo Udalaren konpromisoa argia da bide horretan”, nabarmendu dute.
Jakinarazi dutenez, momentu honetan udalaren Gizarte-Ongizate Sailaren zerbitzuek hemezortzi biktima artatzen dituzte. 2019 honetan, bederatzi kasu berri iritsi dira udaleko zerbitzuengana. Gaineratu dutenez, hemezortzi emakume horiek hamasei adin txikiko dituzte euren kargu.
Indarkeria matxista pairatu duten emakume gehienak euren kabuz hurbildu dira udaletxera, beren egoeraren berri eman eta laguntza eskatzera. “Emakume horiek indarkeria matxistari aurre egiteko izan duten ausardia baloratu nahi dugu”, gaineratu dute.
Elkarretaratzearekin bat
Oiartzungo Feministen Asanbladak elkarretaratzea deitu du gaur arratsalderako. 19:00etan izango da, plazan. Oiartzungo Udalak bat egin du deialdi horrekin, eta herritarrak animatu ditu, bat egin dezaten.
“Indarkeria matxista pairatzen duten emakumeekiko elkartasuna adieraztea, indarkeria matxistak hildako biktimak gogora ekartzea eta erasotzaileen jarrera onartezina dela salatzeaz gain, aurrean izango gaituztela adieraziko da elkarretaratzean”, esan dute.
Ekitaldien balorazio ona
Bestalde, Feminismo Sailak indarkeria matxistari buruz kontzientziazioa eta sentsibilizazioa pizteko hainbat ekitaldi egin ditu azken asteetan. Helburua izan da indarkeria matxistaren aurpegi ezberdinak azaleratzea, eta jarrera feminista dituzten emakumeei ikusgarritasuna ematea.
Kontrako eztarritik bertso-saio literarioa, Comandante Arian dokumentala, Erradikalak ginen umorezko saioa eta autodefentsa feminista tailerra egin dituzte. Ekitaldien balorazio positiboa egin du udalak, bai kalitateari dagokionez baita hurbildu diren herritarren kopuruagatik.