Apustu etxeen izurriteari aurrea hartzeko
Apustu etxeekin kezkatuta, hitzaldia antolatu du Gazte Komunistak taldeak hilaren 10ean, Reina aretoan. Igor Meltxor kazetari, idazle eta ikerlaria; Gaizka Suarez, Eragin Bilboko gazte prekarizatuen asanbladako kidea; eta Iruñerriko apustu etxeen aurkako plataformako kideek hartuko dute parte.
Jokoa ez da errenta, argi dio euskal esaerak, zentzuz. Gero eta gehiago dira jokoarekin katramilatzen ari diren gazteak, etorkizuna iluntzen ari direnak, eta gero eta gehiago dira ateak zabaltzen dituzten apustu etxeak edota lotsagabe hainbat komunikabideek publizitate bidez lau haizetara zabaltzen ari direnak. Gaiarekin kezkatuta, hitzaldia antolatu du Gazte Komunistak taldeak apustu etxeak gure auzoetatik kanpo goiburuarekin hilaren 10ean, ostirala, 18:00etan Errenteria-Oreretako Reina aretoan.
Mahaiaren bestaldean, gai hurbiletik aztertu, ikertu eta ezagutzen duten kideak: Igor Meltxor kazetari, idazle eta ikerlaria; Gaizka Suarez, Eragin Bilboko gazte prekarizatuen asanbladako kidea; eta Iruñerriko apustu etxeen aurkako plataformako kideak.
Jokoaren sarean harrapatuta daudenei laguntza eskaintzen die Errenteria-Oreretako Ekintza Bizi Berriak elkarteak. Jokoaren desoreka duten pertsonak gero eta gazteagoak direla jakinarazi zioten HITZAri elkarte horretako kideek pasa den azaroan egindako erreportajean. Alaberga auzoko 59. zenbakian duten egoitzara 104 lagun berrik jo zuten 2019an gaitz horrek harrapatuta. Horiei, aurretik terapia jasotzen ari direnak gehitu behar zaizkie. Datuak eman zituzten, «2018an etorri ziren pertsonen artetik %50a, 36 urtetik beherakoa zen; %18a, 26 urtetik beherakoa». Kezkatzeko datua, eta horregatik, elkarteak berak gazteengan jarri du fokoa eta ludopatiari aurre egiteko informazioa dela gakoa esan zuen.
Datorren asteko hitzaldiak, informazio hori jasotzeko aukera emango du. Herritar guztiak, noski, gonbidatu dituzte parte hartzera antolatzaileek.