Karlos Saldise oroitzeko ekitaldiak, hura hil zuteneko 40. urteurrenean
Lezon sortu den herri batzordeak eta Egiari Zor fundazioak urtarrilerako hainbat ekitaldi antolatu dituzte.
Urtarrilaren 16an beteko dira 40 urte Batallon Vasco-Español talde ultraeskuindarrak Karlos Saldise Korta lezoarra (sanjuandarra jaiotzez) hil egin zuela, 33 urte zituela. Horren harira, Karlos, maitasun bulkadez herri batzordea sortu dute Lezon (ekainetik ari dira lanean), eta Egiari Zor fundazioarekin elkarlanean, hainbat ekitaldi antolatu dituzte herrian. Lehena, 2019ko abenduaren 30ean egin zuten: Iñaki Egaña historialariak 1980ko hamarkadako testuinguru politikoa izenburupean hitzaldia eman zuen goraino bete egin zen Tiñelun.
Lezoko herri batzordearen ustez, Saldiseren hilketa ez zen behar bezala ikertu, hiltzaileak eta haren eragileak zigorrik gabe gelditu ziren, “izaera bereko beste asko bezala”. Hala, Saldiseren memoria indartzeko eta hark egindakoak jendarteratzeko ekitaldiak izango dira egingo dituztenak, honako egitarauarekin:
- Hilak 11. 12:00etan, Gurutze Santuaren plazan, herri argazkia eta Karlosen borroka, gure borroka: gogoan zaitugu agiriaren irakurketa.
- Hilak 16. Karlos Saldise hil zuten lekuan (bere etxearen atarian, Aralar kalean) ikurrina eta lore sorta jarriko dituzte, urteurrena gogoratuz.
- Hilak 17. 19:30ean, Gezala Auditoriumean, Karlos Saldise: herriari loturiko bizitza betea kultur ikuskizuna.
- Hilaren 18an. 12:00etan, Karlos Saldise plazan, omenaldi ekitaldi nagusia: Karlos, maitasun bulkadez askatasunera. 14:00etan (haurrak) eta 14:30ean (helduak), herri bazkaria Lezoko ikastolako jangelan. Sarrerak Tiñelun salgai. Haurren menua, 7 euro; helduena, 25 euro.
Karlos Saldise
Karlos Saldise Korta sanjuandarra zen sortzez, baina, 1970eko hamarkadaren bigarren erdian, Lezo hartu zuen bizilekutzat. Umetatik ezinegon handiko pertsona izan zen, eta euskarari eta Euskal Herriari zien maitasun sutsuak konpromiso politikora eraman zuen oso gazterik, herri batzordeko kideek esan dutenez.
Ipar Euskal Herriarekin izan zuen harreman goiztiarrak aitzindari bihurtu zuen Pasai Donibanen euskal ikurrak, euskal musika eta ideia politiko aurrerakoiak defendatzeko orduan: “Neurri handi batean hari esker ezagutu izan ziren Pasai Donibanen Ez Dok Hamahiru mugimenduko abeslariek kantuak, ikurrina eta abar”.
Saldiseren konpromiso politikoa handituz joan zen urteak aurrera egin ahala,. Horregatik, batzordekideek zehaztu dutenez, “arazo asko izan zituen Espainiako Poliziarekin, salatariekin eta horrelakoekin, etengabe mehatxu egiten baitzioten berari eta bere familiari”.
Lezon, presoekiko lotura estutu zuen, haien senitartekoei lagunduz eta Amnistiaren Aldeko Batzordeetan antolatzen hasiz: “Bisitak, mobilizazioak diru bilketak eta bestelako laguntza motak antolatzen aritu zen herrian”. Sortu berria zen Herri Batasunan ere parte hartzen hasi zen.