Labirintoa, psikomotrizitate eremua eta toboganak haurrek diseinatutako parkea egi bihurtzeko
Errenteriako 4-12 urte bitarteko haurrek amestu zuten parkea egi bihurtuko du udalak epe laburrean. Amesteaz gainera, elkarlanean diseinatu zuten parke hori Marea Gora plan estrategikoaren parte hartze prozesuan agente aktibo izan ziren Errenteria-Oreretako 2.000 haurrek.
Errenteriako 4-12 urte bitarteko haurrek amestu zuten parkea egi bihurtuko du udalak epe laburrean. Amesteaz gainera, elkarlanean diseinatu zuten parke hori Marea Gora plan estrategikoaren parte hartze prozesuan agente aktibo izan ziren Errenteria-Oreretako 2.000 haurrek. 2017an abiatu zuen udalak haur eta gazteei begirako Marea Gora plan estrategikoaren parte hartze prozesua, eta bide horretan, parkearen beraren izaera, izena eta jolas elementu sorta ere erabaki zuten.
Datorren astean hasiko dira parke hori eraikitzen, hilaren 7an zehazki, eta lanek hamahiru asteko iraupena izatea aurreikusi du udalak. Parkea egi bihurtzeko 171.000 euro pasako inbertsioa egingo du udalak eta obra zibilaren exekuzio lanak Landa e Imaz S:A enpresak egingo ditu, eta ekipamenduak berriz, Play Urban Desing S.L enpresak.
Unibertsoan oinarritutako iruditegiarekin eremu hezitzaile, inklusibo eta dibertigarria diseinatu dute parte hartze prozesuan aritu direnak, eta espazio horrek, jolasaz modu seguruan gozatzeko esparru librea bermatuko duela esan du udalak.
Jolas eremuak hiru espazio izango ditu; 0-4 urte arteko haurrei begirakoa izango da bat: “esperimentaziorako gunea izango da eta ura, harea eta labirintoa izango ditu”. Bigarrena, 4-8 urte arteko haurrei begirakoa izango da, eta psikomotrizitate ariketak ardatz izango ditu. Azken espazioa, 8-12 urte arteko haurrei begirakoa izango da, eta toboganekin eta elkartzeko espazioekin hornituko du udalak. Jokoen materialari dagokionez, elementu organikoak hobetsiko direla esan du udalak, “inguru atsegina helburu izango duen diseinuarekin”.
Jolas parkearekin herri hezitzailearen bidean haurren neurrirako herria eraikitzeko apustuan sakontzea duela helburu azaldu du udalak. Ez hori bakarrik, Txirrita parkearen eraberritze prozesuan inflexio puntu izango dela erantsi du, dagoeneko bertan eraiki duen Emakumeen Etxearen eraikuntzari segida emanez: “Herritarrek, lanek sortu ditzaketen eragozpenak ulertuko dituztela espero dugu”.