Kultura arloko 15.000 euro banatu gabe gelditu direla dio EH Bilduk
Koalizio abertzaleak adierazitakoaren arabera, kulturara zuzendutako diruaren zati handi bat esleitu gabe geratu da. Diru-laguntzak kudeatzeko bestelako eredu bat eskatu dute.
2020ko kultura aurrekontuko 15.000 euro erabilerarik gabe gelditu dira. Pasaiako Udaleko Kultura Zinegotzi Jorge Aguayoren aburuz, “elkarteek ez dute nahikoa eskaera egiten” eta ondorioz diru kopuru hura esleitu gabe gelditu da. Gogor salatu Pasaiako EH Bilduk, “ez gaude ados kultura zinegotziak egindako adierazpenekin eta are gutxiago gaia lantzeko moduarekin”. Koalizioko kideen ustez 15.000 euro horiek ez ziren banatu gabe geldituko, udalaren kudeaketa bestelakoa izan balitz.
Diru-laguntzak banatzeko nahikoa denborarik ez dagoenez, 15.000 euro horiei bestelako erabilera ematea proposatu dute, betiere kulturari lotuta, baina ez dute erantzunik jaso, “banatu gabe gelditu den dirua kultur azpiegiturak txukuntzeko erabiltzea eskatu genuen adibidez. Aguayok entzungor besterik ez dio egin eskakizunari”, gaitzetsi du EH Bilduk.
Pasaia bezalako herri batean 15.000 euro erabilerarik gabe uztea, “elkarteen kontrako eraso argia” dela diote Pasaiako EH Bilduko kideek.