Sanpedrotarra Futbol Elkartea, areto futboleko Gipuzkoako Kopako txapeldunorde
Gipuzkoako bigarren onenak dira San Pedroko neskak. Ostiralean Antxo AFk 3-4 galdu zuen Ibarrako Laubururen aurka, tentsio handiko norgehiagokan.
2020a indartsu hasi du Sanpedrotarrak FEk. Argazkia: CoGAFS. 2019a onenen artean bukatu ondoren, urte berriari hasiera bikaina eman dio Sanpedrotarra Futbol Elkarteak. Gipuzkoako Areto Futboleko Kopako txapeldunorde izan dira moreak. Ostiraleko finalerdian nagusitasunez aritu ziren San Pedroko neskak, baina larunbateko finalean ezin izan zuten mendean hartu Ordizia Kirol Elkartea.
Dena dela, harro egoteko moduko txapelketa jokatu dute sanpedrotarrek. Finalean areriorik gogorrena topatu zuten; Ordiziak Espainiako bigarren mailan jokatzen du egun, eta maiatzean, Euskadiko Kopa ere irabazi zuen. Partidaren garrantziaz jakitun izanda, zale ugari izan ziren Astigarragako kiroldegiko harmailetan. Galdu arren, pozik agertu ziren taldearen lanarekin. Badute zer ospatu.

Antxotarrek azken unera arte borrokatu zuten. Argazkia: CoGAFS.
Ostiralean, Antxo Areto Futbol-Pescados Alberto Ferreres taldeko jokalariek dena eman zuten Bidebietan, taldeak Gipuzkoako Kopako finala joka zezan, baina ezin izan zuten helburua bete. 3-4 galdu zuten Ibarrako Laubururen aurka. Tentsio handiko neurketa izan zen eta bi taldeek goi mailako jokoa erakutsi zuten. Hala ere, ostiralean Ibarrakoak zertxobait hobeagoak izan ziren Bidebietan. Antxotarrek, ordea, ez zuten etsi eta zaleen babesa zutela, azken unera arte borrokatu ziren, Gipuzkoako onenen artean jarraitzen dutela frogatuz.
