Elkarteek 22.400 euro jaso zituzten 2019an udalaren arabera
Elkarteei emandako diru-laguntzak "araudiaren eta legeriaren arabera" banatzen direla gogorarazi du Pasaiako Udalak, inoiz ez "irizpide politikoen arabera".
Pasaiako Udalaren arabera, 2019an Kultura Sailak 22.403 euroko diru-laguntzak banatu zituen “legezko baldintzak betetzen dituzten udalerriko elkarteen artean”. Hortxe dago koska udal gobernuak adierazi duenez, “araudia betez eta kultura saileko zerbitzu teknikoen azterketaren baitan, diru-laguntzak banatzeko proposamen teknikoa egiten da, kultura erakundeen artean banatzeko”. Dena dela, oroitarazi dute diru laguntzak jaso ahal izateko eskaerak modu egokian egin eta baldintzak bete behar dituztela. Araudiaren aurka eginez, udalak “ondorio larriak” paira ditzakeela gaineratu du Udal Gobernua.
Asteartean salatu zuen Pasaiako EH Bilduk, kultura arloko 15.000 euro banatu gabe gelditu zirela. Bada, azkar erantzun die Pasaiako Udal Gobernua osatzen duten PSE-EE eta EAJk, haien desadostasuna agertzeko. Kultura zinegotzi Jorge Aguayoren kontrako adierazpenak, “alferrikakoak” direla diote eta horrelakoak EH Bilduk udal gaien kudeaketan duen ezjakintasunaren ondoriotzat jo dute.
Hala ere, zinegotziaren defentsa egin dute bi alderdiek, eta koalizio abertzaleari gezurretan aritzea egotzi diote, “Aguayo jaunak batzordean adierazi zuen araudia betetzen duten eskaeren artean banatzen zirela kopuruak”. Gauzak horrela, diru-laguntzarik jaso ez duten elkarteek, “baldintzak betetzen ez dituztenak” izan direla nabarmendu dute.
Alderdiari erantzuteaz gain, EH Bilduko bi zinegotziri mezu zuzenak helarazi dizkie Pasaiako Udal Gobernuak. Alde batetik, Junkal Mintegia bozeramailearen lanbideari kasu egin diote, “Mintegia andreak bere zeregin profesionalagatik ondo asko daki zein den diru-laguntzak banatzeko prozedura”. Bestalde, Iraitz Pazosek Kultura Informazio Batzordean egindako proposamena, ezjakintasunaren barruan kokatu dute. Berari egotzi diote “kalkuluak egiten” nahastu izana, “ez dira inolaz ere 15.000 euro banatu gabe gelditu”.