Lezo-Jaizkibelen ibilbidea ezagutzeko topaketa, igandean
09:30ean gelditu dira Gurutze Santuaren plazan. Erritmoaren araberako taldeak egingo dituzte.
Lezo-Jaizkibel mendiko lasterketaren zazpigarren ekitaldia otsailaren 16an da. Hura prestatzeko, ibilbidea ezagutzeko, eta goiz atsegin bat pasatzeko, topaketa egingo dute igande honetan (urtarrilak 12) probaren antolatzaileek. 09:30ean jarri dute gelditzeko ordua, Gurutze Santuaren plazan.
Topaketara izena emanda daudenak, edo ez daudenak ager daitezke. Horrela, 14 kilometroko bidea ezagutzeko aukera izango da. Taldeak osatuko dira, eraman nahi den erritmoaren araberakoak. Eta ziur ez dela hamaiketako goxoa faltako.
Dortsalak, agortuta
2020ko Lezo-Jaizkibelerako dortsalen salmenta Internet bidez egin da. Urteko lehen segundoan zabaldu zuten izena emateko aukera, eta antolatzaileek jakinarazi dute ordu eta erdian agortu egin zirela prestatutako 350 dortsalak. Horregatik, hilaren 5ean itxaron zerrenda zabaldu zen: jada 96 pertsona daude zerrenda horretan, dortsala dutenek parte hartzeko eskubideari uko egiten badiote, horien plaza hartzeko prest.