Pasaiako bokalean orban bat agertu da uretan, berriz ere
Zaharrak berri Pasaiako portuan. Donibaneko bizilagun batzuk uretan agertu den orban baten berri eman dute. Argazkian ikus daitekeenez, hari mehe eta txuri baten itxura hartu du orbanak. Oraingoz ez da bestelako informaziorik helarazi. Isuria nondik datorren jakin ezean, ezinezkoa da jakitea nola eman den eta zer den zehazki uretan agertu dena. Hortaz, ezin daiteke jakin, isuriak Donibaneko saneamendu ezarekin zerikusia duen ala ez.
Hamarkadak eman dituzte zain herritarrek, baina azkenik, saneamendu obrak aurten hasiko direla baieztatu zuen Pasaiako Udalak, azaroko ohiko plenoan. Gaurkoa isuria dela baieztatuko balitz, azken hiletan gertatu den hirugarren isuria izango litzateke. Irailean bi isuri gertatu ziren badian, lehena Trintxerpen eta hurrengoa, Donibanen.