Utzi zuen arrastoari aitortza
Karlos Saldise erail zutela 40 urte beteko dira datorren ostegunean. Saldise zenari aitortza egin, eta bere ibilbide nahiz konpromisoa aitortzeko herri batzordea sortu eta egitarau zabala prestatu dute.
Etxeko atarian hil zuten, Aralar kalean. Gau hotza zen eta jertse baten bila abiatu zen etxera. Bi bala zulo buruan, zerraldo utzi zuten Karlos Saldise Korta 1980ko urtarrilaren 16an, ezkaratzean. Hilketa bi talde parapolizialek hartu zuten bere gain, Batallon Vasco Españolek eta Grupos Armados Españoles GAEk hain zuzen ere, baina hiru hilabetera, ikerketa ofizialik egin gabe artxibatu zuten auzia.
Ikerketa eta aitortza ofizialik ez, baina herriak, urtero oroitu du 1980ko urtarrilaren 16 ilun hartatik Saldise, hutsik egin gabe. Aurten, ordea, oroimenaren bidean urrats bat gehiago egin eta merezitako omenaldi zabala eskaini, eta bere heriotzari baino gehiago, haren bizitzari, urratutako bideari aitortza egin asmoz, egitarau zabala prestatu du berariaz sortutako herri batzordeak.
Batzorde horretako kide dira Jabi Garmendia, Ramon Zabaleta eta Aitziber Zinkunegi; lehenengo biek, Saldise lehen eskutik ezagutzeko aukera izan zuten. Gazteagoa da Zinkunegi, sei urte zituen erail zutenean, eta deserrian, gurasoekin klandestinitatean bizi izan zuen garai hura, mugaren bestaldean, talde parapolizialen ekintzen beldur.
Konpromiso handikoa
Sanjuandarra jaiotzez, 30 urterekin joan zen Saldise Lezora bizitzera. Euskararen alorrean, borroka sozialetan edota Amnistiaren Aldeko Gestoretan aritu zen lanean. Oso gogoan dute Garmendiak eta Zabaletak hura erail zuten eguna: «Gestoretako bilera izan genuen Oriotarra tabernan bost bat lagunek. 20:00ak aldera bukatu genuen. Berarekin abiatu nintzen etxe aldera —esan du Zabaletak—, eta puntu batean hark Ijurkora egin zuen, eta nik nire etxerako bidea hartu nuen». Hura izango zen bizirik ikusi zuen azken aldia. Saldiseren bizilagun batek deitu zuen Zabaletaren etxera: «Ez dut gogoan komentatu zigunik Donibaneko bi lagunekin iparraldera joatekoa zenik; errefuxiatuentzat bildutako janaria eta arropa eramatera joatekoak ziren. Gauerdi aldera jo zuen telefonoak; etxetik atera eta bere sotora abiatu nintzen. Han zegoen lurrean hilda, burua eskailera gainean zuela, marrazkiak zituen jertse berdea soinean. Kalez jantzitako hiru guardia zibil ziren bertan, gero gehiago heldu ziren, ez ziguten hurbiltzen ere utzi». Lo harrapatu zuen erailketaren berriak Garmendia: «Ama deika hasi zitzaidan, Ramon [Zabaleta] etorri zela esanez. Balkoira atera eta esan zidan, ‘Karlos hil dute, Karlos hil dutela!’. ‘Karlos hil dutela? Ez da posible’, neuk nire buruari. Hortik aurrera, shock egoera».
Parapolizialen mehatxuak
Mehatxuak behin baino gehiagotan jaso zituen Saldisek, baina horiei garrantzia kentzen saiatzen zela diote: «Behin autoko antena apurtu eta Euskal Herritik joateko zioen idatzia utzi zioten». Lan egiten zuen Errenteria-Oreretako Beraun auzoan ere sumatu zuela jazarpena dio Zinkunegik.
Ikerketa ofizialik ez da izan hilketa argitu eta egileak identifikatu eta atxilotzeko, baina ez du Zabaletak egilearekin inongo zalantzarik: «Jean Pierre Cherid mertzenarioaren taldeak hil zuen». Escaleras ere aipatu du, «Cheriden emaztearen lehengusua zen Julio Miguel Cabezas Manzano Escaleras, Komando Autonomo Antikapitalistetan zebilen eta drogazalea zen. Poliziak atxilotu, eta infiltratu gisa hasi zen; zalantzarik ez dut Escalerasek eman ziola Saldiseren gaineko informazioa, berak markatu ziola Cherid mertzenarioari. Errefuxiatu zegoela hemen azaldu zen, Lezon, 1979ko udan eta jaietan ondoren». Trintxerpen hil zen Escaleras gaindosi baten ondorioz.
Ikerketa ofizialik egin gabe artxibatu zuten auzia hiru hilabetera
Hilketaren atzean Cherid mertzenarioa dagoela dio Iñaki Egaña historialariak
«Nola ikertuko dute bada? —bota du Garmendiak— estatuaren gerra zikina izan zen, eta ez ditu bada bereak ikertu eta zigortuko». Beraiek espero zuten hori, ikerketarik ez egitea, egileak ez aurkitu eta zigortzea, «hala izan da beti», baina familiarentzat egoera gogorra dela dio Zinkunegik, «min handia eragiten die, injustizia handia da azkenean».
Saldiseren bizitzari, egindako ibilbideari, bizitutakoari, bere izaerari, gustuko zuen musikari erreparatu diote hirurek. Hilketatik 40 urte bete direnean, Saldise oroitu nahi dute, haren bizitza, haren bidea eta haren konpromisoa. Amnistiaren Aldeko Batzordean hasi zirenean ezagutu zuten Saldise Garmendiak eta Zabaletak, «oso bizia zen dena garai haietan, bagenuen kezka eta gogoa, eta presoen gaia beti izan da oso garrantzitsua guretzat. Hala hasi ginen Lezoko Amnistiaren Aldeko Batzordeetan, eta han ezagutu genuen Karlos». Oso bizia zela dio Garmendiak, «adarra jotzea gustatzen zitzaion eta konplizea zen, haize freskoa, eta dena ilusio handiarekin egiten zuen. Lana amaituta, jaia eta borroka zituen hark buruan. Pertsonalitate magnetikoa zuen, iman bat zen, eta iman denen antzera edo asko erakartzen zintuen, edo aldendu egiten zintuen; gu, argi dago, erakarri egin gintuen».
Moldeak apurtu
Ez zuen zuzenean ezagutu Zinkunegik, baina haren arreba Karmelek kontatutakoekin osatu du bere puzzlea: «Txikitatik hala omen zela diote, liderra. Anai-arrebentzat gozokiak lortzeko prestua, baita auzoan gauzak antolatzeko ere, eta beti jendea atzetik euskara munduan izan, edota presoen mugimenduan izan. Liderra eta konpromiso handiko pertsona zen».
Mirentxineko gidariek egun egiten dutena, bere garaian Saldisek egiten zuela ekarri dute gogora: Juan Manuel Fernandez Lopetegi preso ohia ikustera eramaten zituen haren senideak Soriara, bere kotxe handian».
Kalabozoetan ere egin omen zuen lo argazkilaritzarako zuen afizioaren ondorioz. Moldeak apurtu zituela dio Zinkunegik, «garaiko gizon militante molde horretatik atera zen musikarekin, modarekin…». Gehienek Pantxoa eta Peioren kantak entzuten zituzten bitartean, berak rock progresiboa zuela gustuko dio Zabaletak: «Pink Floyd, Genesis, Jethro Tull…». Zerrendari Mike Oldfield, Vangelis eta Supertramp gehitu dizkio Garmendiak, baina azken taldea maite bezala gorrotatzen hasi zela kontatu du, gertakari baten harira: «Jaizkibelgo Erentzin kalara joaten ginen askotan, eta horietako batean eskopeta eraman genuen, nik lizentzia bainuen ehizarako. Arkaitz azpian egiten genuen lo, eta bertan, gauez tiro batzuk botatzen genituen airera. Astelehenean lana nuen nik, eta igande arratsaldean itzuli nintzen etxera; beraiek astelehenean itzultzeko gelditu ziren, eta bueltan zirela autoa gelditu zuten poliziaren kontrol batean. Miatzen hasita eskopeta topatu zuten, baina paperik ez. Lana bukatu nuenean eskopetaren paperak hartu eta Pasaiako portuko komisarian aurkeztu nintzen; arazorik gabe itzuli zidaten eskopeta azalpenak eman eta paperak erakutsi nizkienean».
40 urte bete direnean, Saldise oroitu nahi dute, haren bizitza eta konpromisoa
Garaiko gizon militantearen moldeak apurtu zituen Saldisek
Gelditu zituztenean guardia zibilak Supertrampen musika entzuten ari ziren; taldea gorrotatzen hasi omen zen Saldise, «gogoan dut diskoa oparitzen saiatu zela gainetik kentzeko [barrezka], baina inork ez zuen nahi, eta bera haserre». Gustu musikalak ez zuen ezkontzen bere militantzia bizitzarekin, eta janzkera ere zaintzen omen zuen, «bakeroak eta bere oinetako zuriak. Arreba ezkondu zenean bera joaten omen zen jantziaren gainean aholkuak ematera, gustuko zuen mundu hori, zaindu egiten zuen janzkera».
Oroimenaren lekukoa
Egitarau zabala prestatu dute Saldiseren bizitza beteari aitortza egiteko, eta horretarako buru-belarri lanean aritu da hamabost laguneko lantaldea, herri batzordea, udatik hona. Eskerrak eman dizkiete beren ekarpena egiten parte hartu duten guztiei. Zinkunegik azaldu duenez, «primeran hartu gaituztelako, hasieratik baiezkoa eman digutelako, laguntzeko prest».
40. urteurrenaren harira aldizkaria ere atera du herri batzordeak, Egiari Zor fundazioarekin elkarlanean. Saldiserekin gertatu zena, Iñaki Egaña historialariari egindako elkarrizketa, Saldiseren arreba Karmeleri egindako elkarrizketa, eta argazki ugarirekin jantzi dute.
Garmendiak eta Zabaletak lehen eskutik ezagutu zuten Saldise, eta jaioa zen erail zutenean Zinkunegi, baina garai hartan oraindik ere jaio gabeak ziren gaur egungo gazteek ere hartu dute parte lezoarraren omenaldi egitaraua osatzeko garaian. Besteak beste, pasa den abenduaren 30ean mahai-ingurua antolatu zuten Iñaki Egaña historialariarekin, 1980ko hamarkadako testuinguru politikoa ezagutzeko, eta 65 lagunek hartu zuten parte.
Piztu Lezo dinamikak, gainera, Zeorri! aldizkariaren lehenengo alea argitaratu zuen pasa den abenduaren 21ean, eta bertan erreportajea idatzi du Saldiseren gainean. Gazteek oroimenaren lekukoa hartzea pozgarria da Garmendiarentzat, «ohikoa da gure artean ‘Saldise plazan geldituko gara?’ esatea. Izan zitekeen Saldise musiko bat, eta Saldise, Karlos Saldise Korta zen guretzat. Karlos laguna zen, militante bat, herrikidea, langile bat eta desagerrarazi egin zuten, hil egin zuten; ikustea berriz ere berpiztu dela gertatu zenaren injustizia hori ederra da, bere oroimena, bere bizitza berreskuratzea delako».
Egitaraua
- Bihar, Larunbata. Herri argazkia eta Karlosen borroka gure borroka; gogoan zaitugu adierazpenaren irakurketa, 12:00etan Lezoko plazan.
- Hilak 16, osteguna. Hil zuten lekuan, ikurriña jarriko da eta lore eskaintza egingo dute egunean zehar.
- Hilak 17, ostirala. Karlos Saldise: Herriari loturiko bizitza betea, kultur ikuskizuna. Saldiseren bizitzari buruzko ikusentzunezkoa, olerkiak, dantza eta abestiak. Amaieran, otordutxoa. 19:30ean Gezala auditorioan.
- Hilak 18, larunbata. Karlos maitasun bulkadez askatasunera omenaldi ekitaldia. Oroitarriaren aurrean agurra, lore eskaintza eta hitzartzeak,12:30ean Karlos Saldise plazan; 14:30ean herri bazkaria (Haurrek 14:00etan) Lezoko ikastolako jangelan. Txartelak Tiñelun daude salgai: helduak 25 euro, haurrak 7 euro.