Udaletxeko pleno aretoa haurrentzako areto literario bilakatu dute
Galtzagorri Elkarteak 'Itsaspeko bihotzak' areto literarioa prestatu du aste honetarako. Gazteenen artean irakurzaletasuna sustatzea da helburua.
Oiartzungo udaletxeko areto nagusia haurrentzako areto literario —Itsaspeko bihotzak izenarekin—bilakatu dute, gaurtik hasi eta ostiralera bitartean. Bereziki, haurrei zuzendutako aretoa da Galtzagorri elkarteak prestatu duena. Manuel Lekuona bibliotekako arduradunek gonbidatu dute Galtzagorri Elkartea.
Itsaspeko bihotzak-ek, irakurzaletasuna sustatzeaz gain, genero berdintasuna du erakusketaren eta aretoaren ardatz.
Goizetan, gaurtik hasita, Elizalde Herri Eskolako zein Haurtzaro Ikastolako ikasleak pasatuko dira areto literariotik. Ikasleek saioak egingo dituzte Mari Gartzia dinamizatzailearekin.
Hori goizei dagokienez. Arratsaldeetan familientzako irekita egongo da. Udal liburutegiaren ordutegi berbera izango du Itsaspeko bihotzak areto literarioak: 16:00etan irekiko dute, eta 20:00etako itxiko.
Haurrek modu aktiboan hartzen dute parte areto literarioan, planteatutako jolasetan.