Lezoarren erakustaldia Gazteen Gipuzkoar Aurresku Txapelketan
Legazpin egindako saioan euren multzoetako irabazle izan ziren Enara Artola eta Ane Jaunarena.
Larunbat arratsaldean II. Gazteen Gipuzkoar Erako Aurresku Txapelketako ligaxkako saioa egin zuten Legazpin. Bertan, lezoarren nagusitasuna osoa izan zen. Izan ere, A multzoan (7-10 adin tartekoena) Enara Artola izan zen irabazlea, eta B sailean (11-13 adin tartekoena) Ane Jaunarena.
Hori gutxi balitz, B saileko beste bi ohorezko postuak ere lezoarrenak izan ziren, Nahia Pikabea eta Ihintza Erauskinenak hain zuzen ere. A multzoan, berriz, Inge Olaizola (lezoarra ere) eta Danel Castillo (sanjuandarra da) sailkatu ziren Enara Artolaren atzetik bigarren eta hirugarren hurrenez hurren.
Beraz: bi sailetako ohorezko sei postuetan, bost lezoar eta sanjuandar bat. Emaitza bikainak.