Aurretik bide luzea badute ere, enplegu planak hasi dira fruituak ematen
Luzaroan langabezian egon diren pertsonei begira Oarsoaldean iaz martxan jarri zituzten enplegu programa eta baliabideen berri eman dute gaur Beatriz Artolazabal Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburuak, Ainhoa Aizpuru Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurunea eta Lurralde Oreka diputatua, eta Aizpea Otaegi Errenteriako alkatea eta Miguel Angel Sanhez Lezoko zinegotziak.
Luzaroan langabezian egon diren pertsonei begira Oarsoaldean iaz martxan jarri zituzten enplegu programa eta baliabideen berri eman dute gaur Beatriz Artolazabal Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburuak, Ainhoa Aizpuru Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurunea eta Lurralde Oreka diputatuak, Aizpea Otaegi Errenteriako alkateak, eta Miguel Angel Sanhez Lezoko zinegotziak, azken biak, Oarsoaldeko lau udalen ordezkari gisa. Horiek mahaian izan direnak eta hitza hartu dutenak, baina beste udal ordezkari eta Oarsoaldea Garapen Agentziaren ordezkariak ere izan dira bertan. Agerraldia egiteko aukeratu duten espazioa ere berezia izan da, nahita aukeratuta, Lezoko Badia Berri insertzio enpresa. Azken horretan, lan merkatua urrun duten langabeei ateak zabaltzen dizkiete, eta hortaz, aukerak ere, hiru urtera arteko laneratze prozesuen bidez beraien lan merkaturatzea erraztu asmoz.
Otaegik hartu du hitza. Argi esan du, nahikoa enplegua sortzea, eta sortzen den hori kalitatezkoa nahiz etorkizuna izango duena izatea dela Oarsoaldea osatzen duten udalerrien erronka garrantzitsuenetako bat, “eta horrela jasota dago lau udalerriok berriki landu eta onartu dugun Oarsoalderako Plan Estrategikoan. Izan ere, gure testuinguru sozialean enplegua ezinbestekoa da norberaren bizi proiektua aurrera ateratzeko, enplegua gizarteratzeko egun dugun tresnarik garrantzitsuena da, eta ondorioz, enplegu ezak ondorio larriak ditu bereziki, enplegu gabezia hori denboran luzatzen denan”.
Oarsoaldea osatzen duten lau udalerrien egoera eta ezaugarriak homogeneoak ez izan arren, eskualde gisa, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako beste eskualdeekin alderatuta baldintza sozioekonomiko zailak dituen eskualdea dela esan du Otaegik, “langabezia tasa azken urteetan egungoa baino sei puntu handiagoa izatera iritsi da gure eskualdea, eta Pasaian eta Errenterian %18 izatera iritsi da. Egun langabezia tasa %10era ez iristea lorpena da”.
Lorpena da zalantzarik gabe, 2008an krisia hasi aurreko kopuruetara itzuli delako Oarsoaldea, “baina ezin dugu ahaztu batetik, langabezian egotea egoera hori bizi duten pertsona horietako bakoitzarentzat duen inpaktua eta dituen ondorioak; eta bestetik, langabezia tasa orokorrak ez diela berdin eragiten kolektibo ezberdinei”. Gazteak, bereziki prestaketa gutxi dutenak, emakumeak, familia gurasobakarrak, 55 urtetik gorako pertsonak, aniztasun funtzionala duten pertsonak, migratzaileak direla batez ere langabezia egoeran daudenak nabarmendu du Errenteriako alkateak, “kolektibo horien errealitatera hurbiltzen garenean, portzentaiek gora egiten dute”. Beste ezaugarri bati ere erreparatu dio Otaegik, eta nabarmendu duen garrantziagatik: “Langabeen %45 luzaroan langabezian dauden pertsonak dira; horrek egoera kronifikatzeko duen arriskuarekin, baita bazterketa arriskua suposatzen duelako ere”.
Aintzat hartzeko beste ezaugarri bat, ezinbestekoa, enpleguaren kalitatea: “Aldi baterako kontratuek, murriztutako lanaldiek, baldintza prekarioek ez dutelako balio enpleguaren helburua lortzeko, hau da, bizitza proiektu bat aurrera ateratzeko”. Egoera horri aurre egiteko Oarsoaldeko lau udalek Oarsoaldea Garapen Agentziaren bidez elkarlanean jardutea, eta ahaleginak batzea garrantzitsua dela esan du, “garrantzitsua den bezala eskumen ezberdinetako erakundeekin, kasu honetan, Lanbide eta Eusko Jaurlaritzarekin, zein Gipuzkoako Foru Aldundiarekin lankidetzan jardutea; baita insertzioaren eremuan giltzarri diren beste eragile batzuekin batera ere”. Era horretan, elkarlanean urrats sendoak ematen ari direla sinistuta azaldu da.
Datuak ere eman ditu: Oarsoaldeko enplegu programa ezberdinetarako 2,5 miloi eurotik gorako inbertsioa egin da; %72 Eusko Jaurlaritzaren ekarpena izan da, %21 lau udalena, eta %7 Gipuzkoako Foru Aldundiarena. Halaber, 2019an 365 lagunek hartu dute parte enplegu plan ezberdinetan; horien bidez, 133 kontratazio egin dira, —86 sektore publikoan eta 47an pribatuan— eta kontratazio bide berri bat zabaldu dute hirugarren sektoreko entitateetarako; Oarsoaldea Garapen Agentziako orientazio zerbitzuaren bidez insertzio ibilbideak diseinatu dira ia 2.000 langabeturekin eta 700 lan eskaintza kudeatu dira.
Erakunde eta esparruko eragileen arteko estrategia bateratua edukitzearen garrantzia nabarmendu du Otaegik, “Euskal Autonomi Erkidegoko eta Gipuzkoako lurralde oreka ahalik eta handiena izan dadin Oarsoaldeak behar duen arreta eta behar duen ekarpena egiteko”.
Aizpuruak esan du gaurko agerraldian batu direnak ikusita enplegua eta enpleguaren kalitatearen aldeko konpromisoa argi gelditu dela. Egoera ekonomikoak hobera egin duela azken aldian nabarmendu du eta EUSTATen datuetara jo du: “Gipuzkoako langabezia tasa %7an dago egun eta kontuan hartu behar dugu krisi garaian %14,5era ere igo zela, beraz datu onak ditugu, okupazioan ere datu positiboak ditugu”. Enplegua erronka dela esan du, “datuak onak izanik, Otaegik aipatu duen bezala baditugu multzo batzuk, kolektibo batzuk bazterketa egoeran egon daitezkeenak, epe luzeko langabeak, eta prekarietatean ari direnak, arreta berezi eskaini behar zaien kolektiboak dira eta landu egin behar dugu”.
Europa barruan gizarte, hizkuntza zein genero ikuspegitik ezberdintasun gutxien dituen herrialdea izatea dela Gipuzkoako Foru Aldundiak duen helburu estrategiko nagusia esan du, bestalde, “lan sendoa egin behar dugu horretarako eta arreta berezia eskaini behar diegu aurretik aipatu ditugun kolektibo horiei. Mezua argia da, ezin dugu inor alde batera utzi; gizarteratze mezuak dira xenofobia eta populismoaren aurkako antidotorik onena”.
Elkarlana eta zubi lanak bultzatu eta zaintzea eta indartzea dela bidea dela etorkizunari begira erantsi du, “horretarako ezinbestekoa da bazterketan edo bazterketa arriskuan dauden kolektiboak kalitatezko lan baten bidez integratzea ezinbestekoa da. Bide horretan elkarrekin jarraituko dugu”.
Artolazabalek hartu du hitza azkenik. Enplegua gizarteratzearen gakoa dela esan du, “eta pozgarria da herritarrei erakustea instituzioen arteko elkarlanaren uzta, gaurkoa horren adibide da. Arrakasta elkarlanetik dator, zalantzarik gabe, auzolan izpiritutik, eragile publiko eta pribatuen batuketak, biderkatu egiten duelako eta ezinbestekoa dugu fruituak emango baititu”. Garrantzia eman dio halaber, elkarlanean ari diren erakundeak kolore ezberdinetako gobernuek gidatzeari, “azken batean helburu bera dugulako eta akordioak, beti, batu egiten duelako, eta kasu hauetan biderkatu egiten du”.
Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburuak ere eman ditu datuak: “Krisia hasi zenean, 2008an, Lanbiden erregistratutako langabezia indizea %9,9koa zen, eta 2019 amaieran %9,5ekoa zen, beraz lortu dugu genuen helburuetako bat, langabezia tasa %10etik jaistea eta Oarsoaldean ere lortu dugu eta orain lanean jarraitzea dagokigu jaisten jarraitzeko. 2013 urte inguruan Oarsoaldean %15,8ra heldu zen langabezia tasa, beraz, langabezia murriztu egin da sei puntu baino gehiago”. Bidea ez dela amaitu erantsi du eta beraz, lanean jarraituko duela Lanbidek Oarsoaldean eta Araba, Bizkai eta Gipuzkoan, “izan ere, Oarsoaldean 3.419 pertsona langabe daude erregistratuta; zenbaki bakoitzaren atzean pertsona bat dago, bizitza bat. Horietatik, 2163 ez dute formaziorik edo oinarrizkoa dute; halaber, 1.519 lagun epe luzea daramate langabezian, eta 970, 45 urtetik gorako emakumeak dira. Horien guztien beharrei erantzutea ezinbestekoa da”.
Hitzartzeak eta aurkezpena amaituta bertan bildutakoek Lezoko Badia Berri insertzio enpresan bisita gidatua egin dute Fernando Nebreda eta Iñaki Zabaletaren azalpenak entzuten zituzten bitartean. Une honetan bi jarduera dituzte Badia Berri lantegian Zabaletak azaldu duenez, sarrailagintza eta kautxuari bizar kentzea eta gainbegiratzea. Beste prozesu batzuekin lerro berri bat zabaltzeko asmoa dutela jakinarazi du Zabaletak. Une honetan 28 lagun ari dira bertan, 26 emakume eta bi gizon.