Dagokien lekua emango diete
Hamargarren urtez martxan da Mariasun Landa sariketa. Helburua da bertako emakumeak herriaren historiari egindako ekarpena jasotzea eta aitortzea.
Boteretsuek eta garaileek idazten dute historia, eta emakumeak kontakizun handietatik kanpo utzi izan dituzte beti. Arrazoi horrek eraman zuen Errenteriako Udaleko Berdintasunerako Kontseilua Mariasun Landa sariak martxan jartzera, eta hamargarren aldia izango dute aurten.
Berdintasunerako Kontseiluko kide dira Karmele Fernandez Boga eta Txelo Berra: “Gure Herriaren Historia, letra larriz, emakumez osatzeko jarri genuen martxan sariketa, Berdintasunerako Kontseiluan hala proposatuta”. Emakumeek herriari egindako ekarpena ikusaraztea eta herri kronika osatzea zuten helburu, eta ari dira, poliki baina etenik gabe, bidea egiten eta emaitzak lortzen. “Kultur arloan, hezkuntzan, kirolean eta lan munduan herriari beren ekarpena egin zioten emakumeen bizitzak kontatzen dituzten istorioak bildu nahi genituen, historia egiteko”.
Biek argi dute historia berridatzi egin behar dela emakumeen presentziarekin. “Egitasmo honi esker, datuak eta gertaerak biltzen ari gara, eta garrantzitsuena: gertaera horiei izen-abizenak jartzen ari gara”. Norbanako eta kolektibo asko omendu eta aitortu dituzte orain arteko bidean; ezezagunak ziren kontaketak bildu dituzte, kontaketa biziak. Eta lehen mailara ekarri dituzte emakumeak. Horietako batzuk nabarmendu nahi izan dituzte Fernandezek eta Berrak: Joxepa Antoni Aranberri bertsolaria, Agustina Otaola Zapirain arraketista profesionala, 36ko gerra sufritu zuten Pilar Fraile Sarasola eta Kontxi Ruiz Royo, eta 1970eko hamarkadako Errenteriako mugimendu feministako kideak.
Aranberriri buruzko lana aitzakia izan zen, gainera, Elixabete Perez Gaztelu ikerlari eta irakasleak bertsolariaren bizitzaren aztarna guztiak bilduta ikerketa sakona egiteko. Ondoren, unitate didaktikoa sortu zuen Gipuzkoako Bertsozale Elkarteak ikasleei begira, eta Errenteriako seiehun ikasle inguruk landu dituzte Aranberrik bertsolaritzari egindako ekarpena eta garai hartako emakumeen bizitzaren nondik norakoak. 2014. urtean, gainera, Errenteriako Berdintasunerako azpisailak ekitaldi oparo bat antolatu zuen Berdintasunerako Kontseiluarekin, Xenpelar bertso eskolarekin eta Gipuzkoako Bertsozale Elkartearekin batera.
Lehiaketa, erreferentziala
Errenteriar askorentzat ezezaguna da 1970eko urteetan Errenterian izandako hiru emakumeren bahiketa, tortura eta bortxaketa jasotzen duen lana, Mariasun Landa sariketari esker argitaratu zena; Batallon Vasco Español eta Grupos Armados Españoles talde ultraeskuindar parapolizialak zeuden atzean. Gertakari haiek erresistentzia feministaren sorrera eragin zuten Errenterian. Lehiaketan saritutako lanetako batek, beraz, lehen mailara eraman zuen gertatutakoa, eta emakume horiei guztiei egin zitzaien aitortza, aitortza kolektiboa; kaleak hartu eta beren gorputzak gudu zelai gisa erabili zituzten emakumeei, talde parapolizialei aurre egiteko antolatu eta borrokatu ziren emakume haiei guztiei.
“Herriko emakumeei dagokien lekua egiteko, ikusgarritasuna emateko eta historiaren parte izateko” sortutako lehiaketa “erreferentzial” bilakatu dela uste dute Fernandezek eta Berrak, eta garrantzitsuena dena: ez dute zalantzarik parekidetasunaren bidean ezinbesteko ekarpena egiten duela. Horren adibide da iaz argitaratu zuten Errenteriako emakumeen aztarnak: Narrazioak liburua. Lehiaketara aurkeztutako 23 lan bildu zituzten liburuan, 23 emakume, kontaketa bakoitzari laguntzeko Idoia Beratarbide Arrietaren 23 ilustraziorekin; Allende Arnaizek eta Beratarbidek berak diseinatu zituzten ilustrazio horiek. Horrekin batera, Errenteriako industrializazio prozesuan XIX. eta XX. mendeetan emakumeek jokatu zuten rolari buruzko ikerketa ere egin zuten, eta Udal Artxiboko Bildumaren 27. zenbakian argitaratu zuten.
Fernandezek bere egin du Miren Llona historialariaren esaldi bat: “Gure ondarea, gure aldarrikapenak eta lorpenak behin betiko berreskuratu eta iraganean egin genuen hura gauza garrantzitsu gisa etorkizunari transmititu nahi badiogu, ezinbestekoa da hura erregistratzea eta irudikatzea”. Bide batez, biek esker ona agertu nahi izan diote Mariasun Landari, sariketari izena eman dion emakumeari. “Gustura hartu zuen lehiaketak bere izena eramatearen proposamena, eta urtero etortzen da sariak banatzera, kale egin gabe. Lerrootatik, beraz, mila esker, eta martxoan ikusiko dugu elkar, Mariasun”.
Parte hartzeko deia
Urtarrilaren 31n amaituko da Errenteriako Udaleko erregistroan lanak aurkezteko epea, eta parte hartzera deitu dute Berrak eta Fernandezek: “Ahaztuak eta ikusezinak berreskuratzen ari gara, emakumeen lana nabarmenduta gaurko eta biharko emakumeek egiten dutenari merezi duen aitortza egiteko”. Nabarmendu dute euren bidea egiteko baimenik eskatu ez zuten emakumeak direla guztiak. “Eta, orain, gure memorian behar duten tokia izan dezaten, gu ere ez gatoz baimen eske. Lan horretan jarraituko dugu, emakumeon historia letra larriz idazteko bidea egiten”.