«Gure gizartea 1980ko hamarkadako gertakarien emaitza da»
‘La bahía bajo la niebla’ eleberria argitaratu du Pereirak. 1980ko hamarkadako Pasaian kokatu du lan berria. Fikzioa eta errealitatea uztartuz garai hartako testuinguru sozialaren kontaketa egin du.
Egun gutxi batzuetan argitaratutako 300 kopiak agortu dira. Halako arrakasta espero zenuen?
Ikaragarria izan da, astebetean denak agortu dira. Ez nuen halakorik espero. Denak salduko ziren esperantza nuen, baina ez hain azkar. 10 egun barru jasoko dut hurrengo sorta.
Zure izena geroz eta ezagunagoa dela esango zenuke?
La bahía bajo la niebla idatzi dudan hirugarren eleberria da. Aurretik idatzi nituen La memoria de las sombras (2015) eta El hijo del capitán (2017) eleberriek nahiko kritika onak jaso zituzten, eta horri esker nire lana ezagunagoa egin da. Badirudi irakurleak pozik gelditu zirela eta espero dut bide beretik jarraitzea.
Spoilerrik egin gabe. Zer topatuko du irakurleak liburu berrian?
Generoari dagokionez, polizia-eleberri beltza da, baina berezia, suspense, drama eta komedia kutsuak ere badituelako. Ez du gai bakar bat, hainbat ditu, kasik pertsonaiak bezain beste. Liburuaren indargune nagusia pertsonaien kopurua eta haien aniztasuna da. Fikziozko pertsonaiak izan arren, egiazko istorioak islatzen dira. Pertsonai nagusietako bat, Porru, punk talde bateko abeslaria da, drogazalea eta edozein arazotan sartzeko prest dago. Kristoren elementua da beraz, baina ez da gure inguruan arrotza den pertsona mota.
‘Antiheroi’ bat da Porru?
Hala da, bai. Barrea eragiten digu Porruk, baita tristetu ere. Baina haren bitartez 1980ko hamarkada hartako testuinguru musikalaren berri eman ahal izan dut, punk eta rock erradikalak pizkundea bizi zutenekoa.
Egia izan zitekeen fikziozko obra da La bahia bajo la niebla?
Dokumentazio lan mardula egin dut. Fikzioa da, bai, baina oinarria eta testuingurua guztiz errealak dira, eta nobelak aurrera egin ahala, urte horietan emandako gertakari asko aipatzen dira. Asmoa, irakurlea garai hartako giroan murgiltzea da. 1980ko hamarkada ez dago hain urrun, eta Pasaian bizi izan zutenek haien burua istorioan kokatu ahalko dutela uste dut.
Zeresana ematen duen beste pertsonaietako bat, Polizia Nazionaleko inspektore bat da. Protagonista da, baina ez zentzurik onenean. Pertsonai iluna da hein handi batean, baina haren gizatasuna islatzen da ere bai. Pisuzko beste pertsonai bat Amaia Irastorza gazte errenteriarra da. ETAren inguruko mugimendu politikoetan ibilbidea egiten du berak, eta horri esker garaiko giro politikoaren berri eman ahal izan dut.
1980ko hamarkadako Pasaian kokatu duzu La bahía bajo la niebla. Zer nolako Pasaia erakusten duzu?
Testuinguru politiko eta sozialak pisu handia dute ezinbestean. Krisialdi ekonomiko garaia zen; ontziolen, arrantzaren eta industriaren gainbeherek gogor jo zuten Pasaian. Iturri ekonomikoak agortu egin ziren, eta herritar askoren ongizateak nabarmen egin zuen behera. Horrek guztiak gatazka sozial eta politikoak hauspotu baino ez zituen egin. Biolentzia ohikoa zen; hemendik kilometro eskasera dagoen Intxaurrondoko kaserna askotan aipatzen da, ezinezkoa baita urte horietako bortizkeriaz hitz egitea eta Intxaurrondon gertatuko basakeriak saihestea. Pasaia ilun bat erakusten dut, herria zen bezalakoa. Garai zaila izan zen, baina ikaragarri interesgarria idazle batentzat.
Sistemaren kontrako mugimenduen suspertze kulturala izan zen ere bai…
Bai, iraultza bat izan zen. Baina ez soilik kulturari dagokionez, baita politikoki ere. Gaur egun hainbeste goratzen ditugun eskubideak garai hartako borroken ondorio dira. Gure gizarte garaikidea 1980ko hamarkadako gertakarien emaitza da.
Nola idazten da 1980ko hamarkadari buruz errepikakorra izan gabe?
Gauza bera pentsatu nuen nik. Hamarkada hori askotan jorratu da, bai literaturan baita zineman ere, eta normalean ikuspegi beltz batetik. Errepikakorra izatearen arriskua agerikoa zen. Nik Pasaiako garai garrantzitsuei buruz idatzi nahi nuen. Aurreko bi eleberriak XVI. mendean eta 1936ko gerraostean girotu nituen. Horiekin batera, 1980ko hamarkada Pasaiarentzat garrantzia handikoa zela iruditu zitzaidan; aro aldaketa bat eman zen. Esan bezala, suspense eleberria izateaz gain, garai bateko Pasaiaren berri eman nahi nuen. Kontatzen diren gauza ugari benetan gertatu zirenez, errepikakorra izan ordez, liburua oso errealista dela iruditzen zait.
Liburuan agertzen diren gertakari historikorik aipatu dezakezu?
Asko daude. Komando Antonomo Antikapitalisten aurkako sarraskia, adibidez. Trintxerpen oihartzun handia izan zuen Facalen hilketa ere agertzen da. Nautiko tabernaren sarreran bokata bat jaten ari zela, tiroz hil zuten motoan zihoazen ETAko kide batzuk. Ustezko heroina trafikante eta poliziaren informatzaile izateagatik akabatu zuten. Hala ere, aipatu beharra dago Facal ez zela trafikante handi bat, eta hil zutenerako, saltzaile baino, droga kontsumitzaile zen.
Pasaiatik kanpo gertatutakoak ere aipatzen dira. Mikel Zabaltzaren bilaketa Gurutze Gorrikoen ikuspegitik azaltzen dut. Endarlatsa inguruan ordu asko bilatzen eman eta gero, haiek ez, poliziek topatzen dute Zabaltzaren gorpua, Gurutze Gorrikoek dagoeneko miatutako zonalde batean. Haren heriotza, eta polizien muntaiak eragindako haserre bizia ahalik eta hoberen transmititzen saiatu naiz. Errenteria ezaguna da bertan eman ziren istiluengatik, baina Zabaltza kasuak eragindako istiluak zinez handiak izan ziren.
Hiru liburu argitaratu ondoren, nola lortzen duzu Pasaia inspirazio iturri izaten jarraitzea?
Historiazale amorratua naiz, Pasaia maite dut eta gehien maite dudan historia Pasaiarena da. Herriak oso historia aberatsa du, nire ustez, inguruko herriena baino aberatsagoa. Nahikoa dut zaletasun hura eta herrian gora eta behera ibiltzea, irudimena lantzeko. Baina egia esan, ideiak agortzen ari dira eta leku berriak bururatu zaizkit.
Non girotuko duzu hurrengo proiektua?
Bilbon. Ahalik eta gutxien urruntzen saiatu naiz. Kontua da, XIX. mendeko hiri industrial batean garatuko dela eleberria eta garai hartako Pasaia edota Donostia ez dira egokiak kokaleku gisa. Bilbo, ordea, hazkunde betean zen iraultza industrialaren ondorioz. Suspense eleberria izango da baina, fantasia eta beldur ukituak ere izango ditu.
Hilaren 3an aurkeztu zenuen La bahía bajo la niebla San Pedroko liburutegian. Non izango dira hurrengo aurkezpenak?
Hilaren 24an Trintxerpeko liburutegian, otsailaren 6an Donibaneko Ubera liburutegian eta azkena Antxokoan egingo da, otsailaren 28an. Aurkezpen guztiak 19:00etan izango dira.