Belaunaldi eta sektore ezberdinak bizitza duinen alde saretuta
Grebara deitu du greba batzordeak, baina baita batzarretara ere, bakoitzak bere alea jar dezan. Horren harira, datorren astelehenean (hilak 27) egingo dute azken batzarra 18:00etan Mikelazulon eta ordubete geroago agerraldia Foru Plazan osatu duten behin betiko egitarauaren berri emateko.
Lan, pentsio eta bizitza duin baten aldeko aldarria egingo dute U-30eko greba orokorrean. Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartak deituta, aterki horren azpian sektore eta belaunaldi ezberdinek amarauna sortu dute elkarrekin lan baldintza duin batzuk, prekarietaterik eta soldata arrakalarik gabekoak, duin bizitzeko nahikoak izango diren pentsioak, eta finean, duin bizitzeko baldintzak aldarrikatzeko.
Ez da nolanahikoa duten lana, baina gogotsu, ilusioz eta egiten dutenarekin sinistuta ari dira Euskal Herriko hilaren 30eko hitzordu garrantzitsurako dena fin prestatzen. Errenteria-Oreretan ere, horretan ari da greba batzordea. Atzo 18:00etan bildu ziren Mikelazulo kultur elkartean ekintza egitaraua findu, eta U-30ari azken ukituak emateko. Gazteak, elkarte gastronomikoak, sindikatuak, mugimendu feminista, GOT taldea, jubilatuak… konplize bilakatu dira, bat egin dute deialdiaren harira, eta eskaera zehatza egin diete herritarrei ostegunean grebarekin bat egin eta kalera atera daitezen euren eskubideen, euren bizi baldintzen, finean, bizitza duinen alde.
Hori da jokoan dagoena, borrokatuta agian irabaz daitekeena, baina borrokatu gabe ziur irabaziko ez dena; hori greba egin eta kalera ateratzeko dagoen arrazoi nagusia; herritar asko eta askorentzat, hori urgentzia, bizitza duin bat edo duina ez den bizitzaren arteko aldea.
Grebara deitu du greba batzordeak, baina baita batzarretara ere, bakoitzak bere alea jar dezan. Horren harira, datorren astelehenean (hilak 27) egingo dute azken batzarra 18:00etan Mikelazulon eta ordubete geroago agerraldia Foru Plazan osatu duten behin betiko egitarauaren berri emateko.