Egitarau zabala aurkeztuko du Itsastarrak Mendi Taldeak 70. urteurrenerako
Aurtengo irteera, ekitaldi eta jaialdien berri emango dute Trintxerpeko Alkateordetzan 19:00etan.
2020a ez da edonolako urtea izango Itsastarrak Mendi Talderako. Zazpi hamarkada beteko ditu Trintxerpeko mendi elkarteak eta urteurren berezia izanik, egitarau berezia antolatu dute. Helburu nagusia taldearen bilakaera historikoari aitortza egitea izango da eta 70 urteak lagun artean ospatzea.
Irteera eta ezohiko ekintza ugari iragarri dituzte Itsastarrakekoek. Bihar emango dute horien guztien berri Trintxerpen egingo duten agerraldi irekian. Aurkezpena alkateordetzan egingo da, 19:00etan. Bazkideez gain, edozein herritar ongi etorria izango dela jakinarazi dute antolatzaileek.