Komertzialetik harago, bada zinema
Hilaren 28an izango da emanaldia, 19:30ean Niessen zinemetan eta sarrerak salgai daude 4 euroan; Zigor Etxebeste zinema kritikariak aurkeztuko du filma eta parte hartuko du ondorengo solasaldian.
Zinema zabaltzen jarraituko du aurten ere Ozzinema zineklubak. Ibilbide komertziala egin dutenak, baina batez ere arrazoi ezberdinengatik zirkuitu komertzialetara heldu ez direnak, edota zuzenean inongo zirkuituetan ez daudenak ekarriko ditu. Hurrengo hitzordurako, horietako bat aukeratu du: Dragged Across Concrete filma eramango du Niessen Zinemetako pantaila handira.
Izaera oso pertsonala eta benetakoa duela filmak esan dute Ozzinemaren arduradunek. Bi polizia, Bred Ridgeman beteranoa (Mel Gibson) eta Anthony Lurasetti (Vince Vaughn) gaztea lanik eta soldatarik gabe uzti dituzte, bi poliziek gaizkileak atxilotzeko erabiltzen duten taktika gogorren bideo bat komunikabideetan albiste bihurtzen denean.
S. Craig Zahler amerikarraren hirugarren filma da. Aurrekoetan bezala, gizatasunik gabeko mundua erakusten du film honetan ere, gordintasuna, basakeria eta soiltasuna nahasita. Su txikian genero koktela kozinatu du zuzendariak filma egiteko garaian. Veneziako zinemaldian filma ikusteko aukera izan zen eta banaketa eremutik desagertu egin zen bat batean. Ozzinemak berreskuratu egin du filma orain. Hilaren 28an izango da emanaldia, 19:30ean Niessen zinemetan eta sarrerak salgai daude 4 euroan; Zigor Etxebeste zinema kritikariak aurkeztuko du filma eta parte hartuko du ondorengo solasaldian.