Pasaia Itsas Festibala FITUR turismo azokara eramango dute
Euskal Autonomia Erkidegoak IFEMA aretoan duen postuan aurkeztuko dute itsas festibalaren bigarren edizioa, 18:00etan.
Forma hartzen hasi da Pasaia Itsas Festibalaren bigarren edizioa. Itsasontzi handiak, hitzaldiak, ingurumena zaintzeko ekintzak… maiatzaren 28tik ekainaren 1era, dena emango dute Pasaiako eragile eta herritarrek, herriak itsas ondarearekin duen lotura ospatzeko.
Hiru egun gutxi badirudite ere, lan handia egongo da horien atzetik, batez ere promozioari dagokionez. 2018ko eskarmentuaz baliatuko dira, hazten jarraitzeko eta festibala ezagutzera emateko. Bada, bihar erakusleiho aparta izango du Pasaia Itsas Festibalak aurtengo nondik norakoak Euskal Herriko mugetatik kanpo azaltzeko.
FITUR nazioarteko turismo azokan aurkeztuko dute jaialdia, Eusko Jaurlaritzaren Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko sailaren eskutik. Aurkezpena EAEk duen postuan egingo da, 18:00etan. Bertan izango dira, Izaskun Gomez Pasaiako alkatea, Denis Itxaso Gipuzkoako Kultura, Lankidetza, Gazteria eta Kirol diputatua, Sonia Perez, Eusko Jaurlaritzako Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko sailburua eta Xabier Agote festibalaren zuzendaria. Haiekin batera Moitako alkate (Portugal) Rui Garcia, izango da Pasaiak eta Moitak sinatu duten hitzarmenaren ondorioz.