Tragoak mozorro artean hartuko dituzte aurten ere
Tabernen mozorro lehiaketan izena emateko epea zabalik da otsailaren 7ra arte. Gaia: Jostailuak.
Otsailaren 20an helduko dira inauteriak, eta dagoeneko hasi da lanean Inauteri Batzordea. Lehenik herria mozorrotzeko gaia aukeratzeko lehiaketa abiatu zuen eta iazko azaroan jakinarazi zuen jostailuen gaiak irabazi zuela bozketan, eta horrenbestez, jostailuz beteko dela Errenteria-Orereta. Gai hori aintzat hartuta, tabernei egin die orain proposamena bat egin eta euren lokalak dotore mozorrotzeko.
Ez da berria tabernei begirako mozorro lehiaketa. Parte hartu nahi dutenek, Zu! Zure Udala zerbitzuan eskaera egin beharko dute otsailaren 7a baino lehen. Informazio gehiago edo argibideak behar dituztenek berriz, Kultur azpisailera (943 449 634) dei dezakete 08:00etatik 14:00etara.
Lehiaketaren oinarrien arabera lokalak atonduta egon beharko du gutxienez otsailaren 20an, 19:00etarako. Halaber, ez da hizkera sexistarik erabiliko, ezta emakume diskriminazioa edo estereotipo sexistarik erakusten duen irudirik ere. Aditu talde batek aukeratuko du taberna irabazlea, gaiaren lanketa, originaltasuna, diseinua eta girotzea kontuan hartuta.
Irabazleak 2011eko inauterietan bere taberna mozorrotzeko materiala erosten laguntzeko 500 euro jasoko ditu.