Zabalik Trintxerpeko inauterietan izena emateko epea
Hilaren 28ko aurkezpen ekitaldia Trintxerpeko frontoian egingo da, Pasaiako Portu Agintaritzak ez baitu baimenik eman Ziriza Etxea erabiltzeko.
Aurreko astelehenetik zabalik da Trintxerpeko inauterien desfilean izena emateko epea. Inauterien egutegian klasiko bat da Trintxerpeko desfilea, barrutiko eta inguruetako herritar askorentzat. Aste gutxi batzuk falta direla, lanean hasi da Trintxerpeko Jai Batzordea, asteburua bikain joan dadin. Aurtengo gai nagusia, marrazki bizidunak izango dira, Trintxerpeko Korkoiburuek abiatutako prozesu parte hartzailearen ondorioz.
Interesdun konpartsek antolatzaileek sortuta eskuorria bete beharko dute, desfilean parte hartu ahal izateko. Orri horiek Pasaiako Udalaren webgunean eta Trintxerpeko Jai Batzordearen Facebook orrian izango dira eskuragarri. Konpartsen arduradunek beteko dute orria eta jarraian Trintxerpeko Jai Batzordeari helarazi beharko diote, posta elektronikoz.
Araudia arretaz irakurtzeko eskatu dute batzordetik, aurreko urteetan gertatutako arazoak saihesteko, berritasunak iragarri baitituzte araudian. Izena emateko azken eguna, hilaren 31 izango da. Araudiaz haratago, aldaketa gutxi izango dira aurten. Esanguratsuena aurkezpen ekitaldiaren kokaleku aldaketa da; frontoian egin dute, izan ere, Portu Agintaritzak ez du baimenik eman Ziriza Etxean egiteko.
Konpartsez gain, herriko kuadrillen eta bestelako taldeen ekarpenak garrantzitsuak izango direla adierazi dute. Hori dela eta, inauterietan parte hartzeko deia luzatu diete herritarrei. Beti bezala, ohiko inauterien ondoren ospatuko dituzte Trintxerpen, otsailaren 28tik martxoaren 1era. Ostiralean aurkezpen ekitaldiak hasiera emango die inauteriei. Desfileak Larunbatean eta igandean izango dira. San Pedroko Esnabide kalean hasi eta Trintxerpeko Correos eraikinaren aurrean bukatuko dira.