«Ez dut izarra izan nahi, minutuak nahi ditut»
20 urte baino ez dituela irabazi du Berazak lehen titulua Iraurgi taldearekin, Zilarrezko LEB Kopa. Burua ez du galdu, ordea, gazteak. Etorkizunari begiratu gabe, egunez egun ikasten ari da.
Zilarrezko LEB Kopa irabazi zuen Iraurgik abenduan. Ezustekoa eman zenuten?
Ez ginen Kopa irabazteko hautagai nagusia. Berez, Gironaren taldea gurea baino hobeagoa zen, baina etxean jokatzeko zortea izan genuen. Tontakeria dirudi, baina etxekoen babesa erabakigarria izan daiteke partida bat irabazteko.
Azpeitin, etxekoen aurrean, Kopa altxatzen. Ederra, ezta?
Ikaragarria. Finalerako sailkatu ginen unetik, Azpeitiko herritar eta erakundeek babesa adierazi ziguten. Harmaila gehiago jarri behar izan zituzten, ez baitzegoen nahikoa leku zale guztiak hartzeko. 1.200 bat lagun joan ziren finala zuzenean ikustera eta sekulako giroa sortu zuten.
Ligan ere martxa ona daramazue. Urrezko LEBera igotzea da helburua?
Azkenaldian ez gabiltza oso fin emaitzei dagokionez, baina gaur- gaurkoz, bigarren gara sailkapenean. Hala ere, ez dugu helburu finkorik. Gure lehen helburua partidak irabaztea da, ahalik eta hoberen kokatzeko sailkapenean. Zilarrezko LEB Ligak aldaketak izan ditu azken urteetan. Orain estatu mailako bi multzo daude; mendebaldekoa, gurea, eta ekialdekoa. Multzo bakoitzean hamabi talde daude; sei lehenek urrezko LEBera igotzeko multzo berri bat osatzen dute. Azken seiek, bestalde, jaitsiera saihesteko ligaxka jokatuko dute. Hortaz, helburu nagusia sei lehenen artean sailkatzea da, sustorik ez izateko, hiru taldek galtzen dutelako maila.
Nolako giroa topatu duzu Iraurgin?
Kristoren talde sena dugu. Gurean jokatzen duten atzerritarrak horren eredu dira. Normalean atzerriko jokalariak haien kabuz ibiltzen dira, baina Iraurgin daudenak ederki egokitu dira taldera eta herrira. Horrek ondorio ezin hobeak ditu Iraurgin, ez baitaude taldetxoak, baizik eta talde handi bat.
Etzi 21 urte beteko dituzu. Zer eskatuko zenuke opari gisa?
26an bertan partida dugu, hura irabaztea opari ederra izango litzateke. Baina taldeak ongi jarraitzea, hori baino ez dut nahi.
Gipuzkoa Basketekin debuta egindakoa zara, eta haiekin duzu kontratua berez. Itzultzeko prest zaudela uste duzu?
Gipuzkoako saskibaloiaren piramide bat egiten badugu, Gipuzkoa Basket (GB) tontorrean dago. Hemengoa izanda, xedea beti izango da GBn jokatzea. Baina gauzak argi ditut. Saiatuko naiz maila gorenean izaten, baina ez edozein preziora. Demagun taldea ACBra igotzen dela, aukera sortzen bada eta nire burua prest ikusten badut, aurrera. Jokatu gabe egoteko, ordea, ez. Nik hazi eta batez ere, erregulartasunez jokatu nahi dut. Ez dut izar bat izan nahi, minutuak behar ditut. Entrenatzailearekin hitz egin nuenean, hemen minutuak emango zizkidala adierazi zidan, horregatik etorri nintzen.
Badira bi urte pasatxo debutatu zenuela. Nolako jokalaria zara gaur egun?
Kirol arloan, jaurtiketak, paseak eta bestelakoak hobetu ditut, baina batez ere, jokalari helduagoa naiz. Egindako akatsez ikasteko gai izan naiz, mentalki indartsuagoa naiz. Goi mailako jokalariak buru ona izateagatik ezberdintzen dira.
Errenteriarra izanik, nola ikusten duzu saskibaloiaren egoera herrian?
Ez dut egoera lehen eskutik ezagutzen, baina iruditzen zait azken boladan gora egiten ari dela, bereziki haurren artean. Orain Oarsoren motxila, kamiseta eta txandal gehiago ikusten dira. Seinale ona da, saskibaloiak gora egiteko haurrengan eragin behar delako lehenik eta behin.
Globalizatzen ari den saskibaloi honetan zein etorkizun dute harrobiko jokalariek?
Gogoa eta pazientzia edukitzea ezinbestekoa da. Aukera bat sortu arte gazteak disfrutatzen ahalegindu behar dira.