[Galeria eta bideoa] Antxotarrak, haserre, kalera atera dira
"Antxo jasaten ari den utzikeria" salatzeko elkarretaratze oso jendetsu eta zaratatsua egin dute arratsean Gure Zumardian.
Antxotarrak kalera atera dira gaur arratsaldean. Pasaiako barrutiaren zentroa, Gure Zumardia, bete egin dute. Sare sozialetatik egindako deialdian -prentsak bide horretatik jaso du deialdia, HITZA tartean- “Antxo jasaten ari den utzikeria” salatu nahi izan dute. Utzikeria horren arrazoi nagusia, elkarretaratzean zeuden herritarrek zabaldu dutenez, azken aldian izan diren lapurretak dira; azken asteetan hainbat komertziotan egin dituzte lapurretak ezezagunek. Zenbait herritarri ere euren ondasunak ebatsi dizkiete, etxean edo kalean. Antxotarrak ez dira seguru sentitzen.
19:30ean hasi da elkarretaratzea. Zaratatsua izan da. Hasiera batean 250-300 inguru ziren barrutiaren epizentroa, Gure Zumardia, hartzen zuten herritarrak. Minutuak aurrera joan ahala biderkatu egin da kopuru hori, HITZAk egin duen estimazioaren arabera 500 bat izan direlarik bildu direnak. Zarata asko. Izugarria. Eta pankarta baten atzean ehunka herritar. Antxotarrak eta merkatariak abandonaturik gaude, zioen pankartak. Haurrak, helduak, adinekoak… Jendetsua izan da bilkura. Oso jendetsua.
Bertan izan direnek ez dute inoren aldeko edo kontrako esaldi edo oihurik jaurti. Besterik gabe, zarata egin dute. Barruti hobea nahi dute. Eta oraindik eledunik edo bururik ez duen arren, esan daiteke mugimendu berri bat sortu dela Pasaiako barrutian.
Mugimendu horrek beste bi hitzordu ditu datozen egunetarako: asteazkenean (hilak 29), 19:30ean eta Armonia elkartean, batzar irekia egiteko asmoa dago, nahi duen oro ager daiteke, jendeak hitz egin dezan Antxoz duen pertzepzioaz; hilaren 31n, ostirala, beste mobilizazio bat egin nahi dute, manifestazioa ziurrenik. Gainera, balkoietan bandera edo oihal beltzak jar daitezen eskatu dute hainbat herritarrek.
Okupazio gatazkatsua
Bilkuran izan direnen artean Eskalantegi kaleko 44. sotoko hainbat bizilagun zeuden. Bertako lehenengo pisua hutsa zegoen, eta uztaila aldean bertan sartu egin ziren hainbat pertsona, okupatu egin zuten. Gaur, elkarretaratzea baliatuz, etxebizitzaren jabeek eta bizilagunek hitz egin dute. Esan dute okupazioaren arduradunek liskarrak besterik ez dituztela sortzen, mehatxuak tartean direla, eta beste bizilagun bati elektrizitatea “lapurtzen” diotela, eta saiatu diren arren -salaketak daude-, ezin izan dituztela bertan daudenak joanarazi.
Arduratuta agertu dira okupatuta dauden etxebizitzaren jabeak, eta agerraldian izan diren sotoko beste hainbat bizilagun ere. Laguntza eskatu dute, esan baitute salaketa jarrita egon arren, epaitegietatik ez dutela inolako berririk jaso, eta beraz, Ertzaintzak ezin duela deus ere egin.
Jarraian, arratsaldeko hainbat irudi eta bideoa.