Pentsionistak grebara, etorkizuna beraiena dela aldarrikatzera
Ostegunerako zita jarri dute, Alderdi Ederren. Pentsiodunek ere murrizketak jasan dituztela salatu dute, eta pobreziaren aurpegia feminizatuta dagoela.
Oiartzungo pentsionista talde handi batek agerraldia egin du gaur eguerdian, plazan, hilaren 30eko grebari babesa emateko. Azaldu dutenez, grebari bultzada emateko garrantzitsua da horrelako agerraldiak egitea, Gipuzkoako beste herri batzuetan egin duten bezala.
Azken urteetan pentsionisten eskubideak murriztu direla salatu dute, eta pobrezia zabaldu dela gizartearen kolektibo horretan. Pentsionista askok pairatzen duten pobreziarena ezkutuan dagoen zerbait dela adierazi dute, eta hori azaleratu eta buelta emateko lan handia egiteke dagoela.
Gainera, pentsiodunen pobreziak emakume aurpegia duela nabarmendu dute. “Emakumeek gehiago pairatzen dute, eta beraien duintasuna ukituta geratzen da. Duintasuna, bizitzako edozein esparrutan, da guk eskatzen duguna”, aldarrikatu dute.
Ostegunean jubilatuek zita berezia izango dutela esan dute. Alderdi Ederren geratu dira, 12:00etan, eta beraiek pankarta propioa eramango dutela iragarri dute. “Etorkizuna gurea da, ez etsi”