Kontzertu egitarau zabalarekin dator EMKE
Musika bandaren ibilbide luzean (156 urte baino gehiago ditu) inflexio puntua izango dela aurtengoa esan dute arduradunek, "etorkizunera begira jarriko gaituelako, proposamen eszeniko berriak egokitu eta aztertzeko prozesuan beste urrats bat eginez".
Madalenetan ez du hutsik egingo musika bandak. Denboraldi berria modu ezin hobean hasita —Donostiako Victoria Eugenia antzokian egin zuen lehen emanaldia Golden Apple Quartetekin— egitarau zabala eta anbizio handikoarekin heldu da EMKE Errenteriako Musika Kultur Elkartea, “kontzertu handiz eta proposamen berriez beteta dator urtea”. Musika bandaren ibilbide luzean (156 urte baino gehiago ditu) inflexio puntua izango dela aurtengoa esan dute arduradunek, “etorkizunera begira jarriko gaituelako, proposamen eszeniko berriak egokitu eta aztertzeko prozesuan beste urrats bat eginez”.
Martxoaren 1ean izango dute lehen hitzordua hilabete honetako kontzertuen ostean, Gure bakarlariak zikloaren barruan. Fatima Andra Mariaren elizan izango da denboraldiko kontzertu handienetako bat, eta Arkaitz Mendoza piano jotzailea izango dute bandarekin batera George Gershwin konpositore iparamerikarrari eskainitako emanaldian.
Aurtengoa, gainera, musika eta historia uztartzeko denboraldia izango duela musika bandak zehaztu dute: “Errenteriako pasarteak eta kokapen historikoak uztartuko dituen proiektu ibiltaria izango dugu hainbat esku hartzerekin”. Musika ekitaldian gainera, ohiko agertokietatik atera eta espazio historikoetara eramateko apustua egingo du EMKEk.
Herriko beste eragile batekin abian duen elkarlanaren emaitza izango den Jantzi ondarearekin mendez mende emanaldiaz ere mintzo dira, “jantziaren zentroarekin batera egingo dugu eta bidaia musikal erakargarria proposatuko dugu”. Bi erakundeak mimoz prestatzen ari direla kontzertu hori gaineratu dute.
Urtearen azken hiruhilekoak denboraldiko kontzertu nagusia ekarriko du azkenik; proposamen sinfoniko koral onenetakoa izango dela iragarri dute, baina ez dute datu gehiagorik eman, oraingoz. Anbizio handiko egitaraua EMKEk prestatu duena eta aipamen berezia egin dio horren harira musika banda posible egiten dutenei, “une honetan EMKEn dugun musika eta giza kalitate handiari esker garelako garena, eta egiten dugulako egiten duguna”.
Honakoa urte osoko egitaraua:
- Otsailak 25: Sardinaren ehorzketa.
- Martxoak 1: Fatima Andra Mariaren elizan, Gure bakarlariak kontzertua.
- Apirilak 5: Herriko Plazan ikuskizuna diziplina anitza.
- Maiatzak 17: Foru plazan Musikaste.
- Ekainak 7: Gabierrotako adinekoen egoitzan Zaharrak berri kontzertua.
- Ekainak 27: Herriko Plazan, Musika banda eta jantziaren zentroaren elkarlanetik sortutako emanaldia.
- Utzailak 21: Herriko Plazan Zentenarioa.
- Utzailak 22: Foru plazan madalenetako kontzertua.
- Uztailak 25: Zumardian dantzaldia.
- Uztailak 31: Herriko Plazan San Inazio kontzertua.
- Irailak 25: Atlantikaldia.
- Urriak 31: Denboraldiko kontzertu nagusia.
- Azaroak 20: Fatima Andra Mariaren elizan Santa Zezilia kontzertua.
- Abenduak 13: Haurrentzako emanaldia.
